Elkarte kideen iritziaz haratago, zubietarrena ere bildu nahi dutenez, Zubiartean Elkarteak ostegun honetan, hilaren 30ean, 19:00etan Kaxkapen deitu duen batzar ireki bidez adostuko dute maiatzaren 7rako herri kontsultarako galdera. Iragarri dutenez, Mario Zubiaga EHU-ko irakaslearen laguntzaz. “Gainera, lansaio horretan Mario Zubiaga EHUko irakaslearen laguntza izango dugu. Zergatik ez dugu herri galdeketa Zubietako etorkizunaz ere galdetzeko aprobetxatzen? Zubietarrok udalerri batean bizi nahi al dugu? Ziur kanpo laguntzarekin galdera eder bat adosten dugula. Erakus dezagun gure etorkizunaz erabaki nahi dugula beste behin ere!”, luzatu diete gonbita zubietarrei.
Zubiartean Elkartetik berri eman dutenez gainera, galdeketa babesteko manifesturako 100 sinadura inguru bildu dituzte jada. “Zinez eskertu nahi dizuegu zuen prestutasuna! Zorionak Zubieta!”, adierazi dute ohar bidez Zubiartean Elkartetik. Taldearekin hartuemanetan jarri eta kontsultarako manifestua sinatzeko bideok dituzue:
Facebook: Zubiartean
Bote luze desafioa, erabakitze eskubidearen alde
Maiatzaren 7ko Usurbilgo eta Zubietako herri kontsultak girotze aldera, Usurbilgo Pagazpe eta Zubieta Pilota Elkarteko bosna kide lehian jarriko dituzten bote luze desafioa antolatu dute elkarlanean Herritzartu eta Zubiartean elkarteek, apirilaren 9rako 12:00etan Zubietako Errebote plazan. Gipuzkoako hainbat herrietan ari dira jokamolde hau suspertzen. “Usurbildarrok zein zubietarrok badugu eskarmentua pilota jokoetan, batzuk esku pilotan eta besteak errebotean. Oraingoan, ordea, ez du inork abantailarik edukiko, bestelako joko baten baitan jarriko baititugu lanean gure pilotariak: bote luzean, pilota jokoaren modalitaterik zaharrenean alegia”, adierazi dute antolatzaileek. Ekintza gehiago ere iragarri dituzte egun horretarako. “Bertaratu zaitezten animatzen zaituztegu herri galdeketak antolatzen gabiltzan bi elkarteetatik. Euskal usadioaz gozatzeko aukera bikaina izango dugu”, iragarri dute.
GALDEKETARI BEGIRAKO PROZESUA
Galdeketa eguna: maiatzak 7, igandea.
Galdeketa kudeatuko duen elkartea: Zubiartean.
Manifestua: "Zubiartean. Zubietarrok erabakitze eskubidearen alde"
Taldearekin hartuemanetan jartzeko:
zubiartean@gmail.com
Facebook: Zubiartean
Hurrengo deialdiak:
-Martxoak 30, osteguna: bilera ireki bidez adostuko da galdera 19:00etan Kaxkapen, EHU-ko irakasle Mario Zubiagaren laguntzaz.
-Apirilak 9, igandea: Pagazpe eta Zubieta Pilota Elkarteen arteko bote luze desafioa 12:00etan Zubietako errebote plazan, Herritzartu eta Zubiartean elkarteek antolatuta.
-Asteartero: Galdeketa antolatzeko taldea asteartero biltzen da 19:00etan, Zubietako Kaxkape egoitzan.