Euskal presoen eskubideen aldeko bi hitzordu asteburuan

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 31a, 04:56

Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta gainerako euskal preso eta iheslarien eskubideen alde bi hitzordu deitu ditu Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Batetik hileroko elkarretaratzea, ostiral honetan, martxoaren 31n izango da Mikel Laboa plazan. Baina ohi baino ordu erdi beranduago, 20:00etan beharrean 20:30etan. Apirilaren lehenerako berriz, preso usurbildarrei euskal prentsa helarazteak eragiten duen gastuei aurre egiteko harpidetza afaria antolatu dute 21:00etan Aitzaga Elkartean. Afaritarako txartelak aurrez eskuratu beharko dira Aitzagara bertara edo Aizpurua Okindegira gerturatuta:

-Martxoak 31, 20:30 Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

-Apirilak 1, 21:00 Preso usurbildarrei euskal prentsa helarazteko harpidetza afaria Aitzaga Elkartean. Txartelak aurrez salgai Aitzagan eta Aizpurua okindegian. Prezioa: 20 euro (langabeek 14 euro). Menua: porru-pastela, orkatz gixatua, flan-tarta, edariak eta kafea.

Xuaren gutuna

Usurbilgo herriari eskertza gutuna helarazi nahi izan dio Valentziako Picassent espetxetik, Xua Lasagabaster Uranga, Olatz eta Patxiren alabak. Gogoan izan, Olatz, Xua eta Patxi hirurak espetxe berean direla. Bestalde, Olatzen ama Mari Karmen Anza Donostia ospitalera ekarri zuten martxoa hasieran, urtarrilean alaba bisitatu eta biloba ezagutzera joan, gaizki sentitu eta Valentziako ospitaleko ZIU-n hilabete egin ostean. Honatx orain gutxi NOAUA!n jaso genuen Xuaren gutun hunkigarria, bere osotasunean:

Muxuak Picassentetik, kaixo denei!

Xua naiz eta eskerrak eman nahi dizkizuet niri ongi etorria emanez eta amonari, amatxori eta aitatxori elkartasuna adieraziz, idatzi eta elkarretaratzeetan bildu zareten guztiei. Udalari ere bai, egindako guztiagatik. Eta bereziki, txoko-marrubizko muxu pila helarazi nahi dizkizuet marrazki polit-polittak bidaliz, amatxorekin partekatzen dudan ziega koloreztatu didazuen laguntxo berriei. Orain politagoa dago, zuen alaitasunak edertua. Leku itsusia da hau eta jende tristea atea zabaldu eta ixten diguna. Baina amatxok dio hemen ez gaudela betiko. Zoragarria den herri batekoak garela, Usurbil izena duela eta gure tokia bertan dagoela, amonarekin eta zuekin. Aitatxo ere antzera mintzo da, ijitoa izanik hasieratik bat gehiago bailitzan hartu zenutela eta zuen aurrean txapela kentzen duela. Handiagoa naizenean hor biziko garela diote, baina aurrena lortu behar dugula amona sendatzea eta aitatxo beste nonbaitera ez eramatea. Zuen babesarekin eta gure grinarekin seguru lortuko dugula. Eskerrik asko denoi eta tori pa guztientzat.

Xua Lasagabaster Uranga