Zubietako ur zikin gehiago ez erriora

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 31a, 14:52

Oria eta errio ertzeko flora, fauna eta herritarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko duen eraikina inauguratu dute eguerdian Zubietako Aliri zubiaren ondoan; hondakin-uren ponpatze estazio berria. Ekitaldian parte hartu dute Zubietako Herri Batzarrak, Donostia eta Usurbilgo Udalek, baita udalerriok kide dituen eta lanon egile, Añarbe Urak Mankomunitateak ere.

Zubietako ur zikinak gune berri honetara doaz gaurtik, eta ez orain artean bezala, erriora. Handik, Usurbil aldeko ur zikinak hipodromotik gertu duela urtebete martxan jarri zuten ponpalekura garraitzen dituen kolektorera. Eta gune honetatik, Loiolako araztegira. Bertan tratatu eta itsasoratuko dira gero. 

Hartara, orain arte Irigoien eta Urbitarte kaleek bat egin zuten puntuan eta Aliri zubiaren ondoan isurtzen ziren Zubietako ur zikinak aurrerantzean behar bezala tratatuko dituzte, duela urtebetetik, Usurbilgoekin egiten den bezala. Inguruotan beraz, Aginaga aldekoa da egun, ur zikinen saneamendu sare honetatik kanpo geratzen den zonalde bakarra.

Inbertsioa

Lan guztion kostua, 356.015 eurokoa izan da. Baina azken hamarkada pasatxoan, Usurbil zein Donostiako udalerriak kide dituen Añarbe Urak Mankomunitateak eginiko esku-hartzeen inbertsioa guztira, ia bi milioi eurokoa izan da:

2002: Ipar eta Hego Zubietako saneamendua: 924.073 euro.

2003: Zubieta erdiguneko saneamenduaren obra osagarriak: 15.694 euro.

2011: Zubietako landa guneko saneamendua: 490.595 euro.

2017: Zubietako saneamendua eta Oria Beheko intertzeptorearen konexioa: 356.015 euro.

Guztira: 1.786.377 euro.

Joxe Mari Zubimendi, Zubietako alkatea: "Pozgarria denontzat"

Gaurkoa zubietarrentzat egun handi eta pozgarria dela adierazi du Zubietako alkateak, aurrerantzean "Zubietan ez baita isuri zikinik izango". Añarbe Urak Mankomunitateak eginiko apustu, inbertsio eta lana eskertzearekin batera, urarekin batera naturako beste elementuak zaintzea ere eskatu du Zubimendik. "Zaindu ditzagula baita ere hemendik aurrera, naturako gainerako elementuak; mendiak, airea, baratzak".

Marije Zelaia, Añarbe Urak Mankomunitateko presidentea: "Ia bukatzen ari gara"

Gaur inauguraturiko ponpa estazioarekin, Zubietako ur zikinik Oriara ez isurtzeak bertako fauna, flora eta herritarrentzat ekarriko dituen onurak azpimarratu ditu Zelaiak. Eraikinaren estetika txukuna aipatu du, landa ingurunearekin bat datorrena.

Berriki ospatu den Uraren Nazioarteko Egunean, ur zikinak murriztea eta isuri behar direnean aurretik araztegian tratatuak izatea aldarrikatu zutela oroitu du Añarbe Urak-eko presidenteak. Honen aurrean, Zelaiak zioenez, "oso harro esan dezakegu lan hori egin duela Añarbek eta Añarbe osatzen duten udalerriek". Bai behintzat gehienean, Aginaga edota Ereñotzu aldeko lanak egitea baino ez omen zaie falta. Saneamendu lanak, "ia bukatzen ari gara" zioen.

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea: "Segi dezagun norabide honetan"

Zubietar, usurbildar eta donostiarrentzat egun handitzat jo du Arregik, Zubietak bizi duen errealitatea islatuz, baten faltan hiru alkate bildu dituen gaurko inaugurazio ekitaldia. Sortzez zubietarra, Xabierrek bere haurtzaroan bestelako itxura zuen Oria ekarri nahi izan du gogora. "Errio hau bertara inguratzeko moduan ez zen. Kirats izugarria zuen, egoera tamalgarri batean zen. Ibaia toki debekatu bat zen, bertara inguratzeak ere kutsadura ekartzen zuelako", zioen.

Gaurkoa bezalako aurrerapausoek, etorkizuneko belaunaldiei bestelako errioa uztea ahalbidetuko dutela azpimarratu du. "Iruditzen zait, pauso txikiak direla baina denak batera ari gara baliabide natural ekologiko bat berreskuratzen", eta gaineratzen zuenez, "horrek halako sentipen gozo bat eragiten du". Bere aitonak igerian Orian ikasi zuen moduan, belaunaldi batzuk barru ere jendeak Orian igerian ikasi ahal izateko itxaropena agertu du. 

Horretarako ezinbestekotzat jotzen zuen ekologiarekiko konpromisoa egun batera ez mugatzea, egunerokoa izatea, "beraz segi dezagun norabide honetan". Testuinguru honetan goraipatu nahi izan du, Zubietako Herri Batzarra, Lanbide Eskola eta Usurbil zein Donostiako udalak elkarlanean garatzen ari diren Zubietako energia plana.

Eneko Goia, Donostiako alkatea: "Donostiak lurraldearekiko bere ardurak hartzen ditu"

Zubietako estazio berria martxan jarrita, Donostiko ur zikinen saneamendu sarea osatua geratu da. Pozik agertu da Goia, eremu honetan eman diren urratsek ingurumen eta bizi kalitate aldetik ekarriko dituen hobekuntzak direla eta. Eremu honetan, hiriburuak arduratsu jokatu duela adierazi du. "Uraren depurazioaren gaian, Donostiak bere ardurak hartzen ditu lurraldearekiko", adierazi du.

Oria ibaiak urteotan izan duen hoberanzko bilakaera ere azpimarratu du. "Ezagutu ditut ondo Oriako ur zikinak. Txikitan aitaren baserrira joaten ginenean Orian barrena, bide guztian ikusten genuen zer zen hura. Hori nola aldatu den azken urteotan", oroitu du.

Atsegina suertatzen zaiola adierazi du, gaurko ekitaldiak batu dituen hiru alkateen parte hartzea. "Zubieta sentitzen dut baita ere gure hiriaren parte. Duen berezitasunak aberastasuna ekartzen dio gure hiriari. Gainera, gauzak egiteko beste modu baten proba izan daitekeen lekua da, bi herriek daukagulako zeresan eta zeregina eta hor ere erronka elkarren artean ulertzen saiatzeko. Alde horretatik, benetan bide polita izan dezakegu aurrean", zioen.