Aste hasiera honetan bertan sina dezake Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanen kontratua, Urbaser, Meridiam Investments, Altuna y Uria, Moyua, Murias eta LKS Ingeniería enpresa taldearekin.
Kontratazio Errekurtsoen Foru Auzitegiak FCC-k esleipen prozesuaren aurka aurkezturiko errekurtsoa ostegunean atzera bota eta berehala sinatu nahi dute beraz akordioa, eraikitze lanei ere ahalik eta lasterren ekiteko. Gogoan izan, FCC-k errekurtso hau aurkeztu zuenetik esleipena suspentsioan zegoela.
Ingurumen diputatuak, 2019ko udazkenerako Zubietako erraustegia martxan egongo dela aurreikusten du.
SWAPen aurkako errekurtsorik ez
2011n bankuekin sinatu ziren SWAPak ordaintzea agintzen duen Gipuzkoako Auzitegiko epaiari helegiterik ez aurkeztea erabaki zuen, Gipuzkoako mankomunitateak biltzen dituen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ostiralean egin zuen ezohiko eta urgentziazko batzarrean. Asanbladaren %76a errekurtsoa aurkeztearen aurka agertu zen, %10a alde. Hedabideek berri eman dutenez, Gipuzkoako Auzitegiaren ebazpena eta gai honen inguruko txosten juridikoak aztertuta hartu dute erabakia. Txostenok kasazio helegitea aurkeztearen aurkakoak zirela dio Asensiok.
Gai honetan ez dute iritzi bera ordea, EHBilduk eta Podemos Ahal Duguk. Aipatu epai hau Auzitegi Gorenean errekurritzearen aldekoak baitziren. GHK-k urgentziaz ostiralean eginiko batzarraren bezperan, ostegunean, epai hau errekurritzeko eskaera aurkeztu zuten bi alderdiok Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Argi denez ordea, ez da aurrera atera. Honela zioen bi eragileok aurkezturiko hiru puntuko eskaerak:
1-Gipuzkoako Batzar Nagusiek aitortzen dute, Gipuzkoako herritar guztientzat ondorio kaltegarriak ekar ditzaketen erabaki eta praktiken aurrean, Gipuzkoako interes orokorren onurako jarrera hartu behar dutela instituzio publikoek eta ez entitate pribatuen onurakoak.
2-Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari eta berau partaide nagusia den Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, gipuzkoarren interesen defentsan, martxoaren 9an Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak swap edo arrisku koberturari buruz eman zuen epaia errekurritu dezala.
3-Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari hondakinen kudeaketari buruz etorkizunean eman beharreko urratsetan gipuzkoar herritarren erabaki demokratiko eta esplizituan oinarritu dadila, herritarrei espreski eta berariaz galdetuz adierazitakoan.
Manifestazio jendetsuaren ostean
Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitu eta ehunetik gora eragileek babestu zuten martxoaren 25eko Donostiako manifestazioaren ostean datoz erabakiok. Erraustegia alboratzen duen alternatiba aurkeztu zuen aipatu mugimenduak martxoa hasieran. Alternatiba hura babestu eta gauzatzea eskatu zuten milaka gipuzkoarrek duela astebete.