Oraindik guztiz sendatu gabe bada ere, hoberantz doa Olatz Lasagabaster presoaren ama Mari Karmen Anzaren osasun egoera. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak atzo egin zuen elkarretaratzean berri eman zuenez etxean da jada, "bi hilabete eta erdi erietxean pasa ondoren". Gogoan izan, urtarrilean Olatz alaba bisitatzera eta jaio berri zen Xua biloba ezagutzera joan zela Anza. Valentzian gaizki sentitu eta hango ospitalean egin behar izan zuen hilabete pasatxo, ZIU-n lehenik eta plantan gero. Martxoa hasieran Donostiako ospitalera ekarri zuten. Eta aipatu moduan, ostegunean etxera.
Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak ostiral arratsaldean deituriko mobilizazioan bertan, Mari Karmenen ahizpa Arantzak eskerrak eman zizkien bere izenean usurbildarrei, hilabeteotan jasotako laguntza eta elkartasunagatik.
Valentziako Picassent espetxetik ere gutuna bidali du Patxi Urangak, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik ziotenez, "zentzu berean. Sekretua gordetzeko esan digu baina ezin diogu eutsi. Hona bere hitzak: "Oriyotarra izanik ez nuen uste inoiz hau esango nuenik baina... Aupa Usurbil, milesker!".
Urruntzeekin amaitu beharra
Atzoko elkarretaratzean, hilero moduan, sakabanaketarekin amaitzea exijitu eta euskal presoen etxeratzea eskatu zuten. Hainbat presok dispertsioaren eraginez bizi duten egoera salatu zuten. Olatz, Patxi eta Xua dauden Valentziako Picassenten dago baita Asier Badiola euskal presoa. Bera bisitatzera zihoazen bi lagunek istripua izan zuten martxoa hasieran, eta honekin jada 9 dira bisitak egiteko bidean istripua izan duten presoen lagun eta senide kopurua. Azken 28 urteotan, "desplazamendu behartuen egoera gizagabe honek 16 hildako eta 400 istriputik gorako balantze beldurgarria utzi du oraingoz", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik aditzera eman zutenez.
Gogorarazi nahi izan zuten baita, han eta hemen egin diren azken mobilizazioetan aske uztea eskatu izan dela Pitie Salpetriereko erietxean dagoen Oier Gomez presoa, eta baldintzapean aske uztea galdegin dela 27 urte espetxean daramatzaten Jake Esnal, Txistor Haranburu eta Ion eta Unai Parot. "Ibon Iparragirreri egindakoa ere ekarri behar dugu gogora. Alcala-Mecoko espetxetik Ondarroako Artibai zaharren egoitzara ekarri zuten bere aita ikusteko eta minutu batzuk bakarrik ikusi zuen bizirik, bere aurrean zendu baitzen. Hori bai, ostera Madrilgo espetxera itzultzeko Ondarrura ekartzeko baino denbora gutxiago pasa zuten".
Kasu guztiok "euskal presoen senide eta lagunok behin eta berriro errepikatzen ditugun egoerak dira, salbuespen politika krudelak giza-eskubideei gaina hartzen segitzen dutelako".
Azpimarratzen dutenez ordea, badira euskal presoen eskubideen defentsara batu diren hainbat entitate; presoak urruntzearen aurka agertu dira Frantziako espetxeetako ikuskatzaile nagusia, Europar legebiltzarreko talde bat edota Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko hiru epaile. "Baina batez ere, euskal gizartea da urruntzea iraganeko kontua izan dadila nahi duena", nabarmentzen dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.
Auzi hau konpontzeko gizartearen papera giltzarritzat jotzen dute. "Gobernuen borondate falta ezagututa, berriro diogu gizartearen borondatean datzala giltza. Eragile politiko, sozial, sindikal eta herritarrok, guztiok bat eginda egingo dugun presioaren baitan dago gakoa, lehenik eta behin iheslari eta presoei dagozkien eskubideak bermatzeko, beren familietatik ahalik eta gertu egotekoa barne, eta gerora behingoz etxeratzeko".
Harpidetza afaria gaur
Apirilaren lehen egun honetarako, preso usurbildarrei euskal prentsa helarazteak eragiten duen gastuei aurre egiteko harpidetza afaria antolatu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak larunbat honetarako, 21:00etan Aitzaga Elkartean. Afaritarako txartelak aurrez eskuratu beharko dira Aitzagara bertara edo Aizpurua Okindegira gerturatuta. 20 eurotan dituzte salgai, langabeentzat 14 eurotan. Honatx afaritarako sukaldatuko duten menua: porru-pastela, orkatz gixatua, flan-tarta, edariak eta kafea.