Maiatzaren 7rako galdeketarako prestaketa lanak aurrerantz doaz. Herri kontsultarako hilabete pasatxo baino falta ez den honetan, galdeketa prozesua bete beharreko baldintzatan ospatuko dela ziurtatzeko Berme eta Jarraipen batzordeak osatu eta bi batzordeotako kideak izendatu dituzte, Herritzartuk eta Zubiartean Elkarteek gaur Potxoenean egin duten batzar bateratuan.
Hain zuzen, Berme Batzorde bera partekatuko baitute Usurbil eta Zubietako maiatzaren 7ko galdeketek. Aldiz, Jarraipen Batzorde bana izango dute. Usurbilgo galdeketarako Jarraipen Batzordea gaur osatu dute Potxoenean. Zubietako galdeketari begirakoa, datorren igandean, apirilaren 9an osatuko dute Zubietan bertan. Ekitaldi berean, martxoaren 30ean Kaxkapen egin zuten batzar irekian, eta EHU-ko irakasle Mario Zubiagaren laguntzaz, herri kontsultarako adostu zuten galdera ere aurkeztuko dute. Eta segidan, Pagazpe eta Zubieta Pilota Elkarteen bote luze desafioaz gozatzeko aukera izango dugu 12:00etan errebote plazan. Kirol hitzordu hau, Herritzartu eta Zubiartean Elkarteek batera antolatu dute.
Berme Batzordea
Kideak: Lourdes Furundarena Etxeberria-Berreiarza (presidentea), Olatz Altuna Zumeta (idazkaria), Itsaso Gonzalez Ibirriaga.
Eginkizunak:
-Galdeketa prozesuaren gardentasuna, neutraltasuna eta prozesuaren objektibotasuna zaintzea.
-Egon daitezkeen helegiteei erantzutea.
-Protokoloaren interpretazioa egin eta horren araberako erabakiak hartzen direla ziurtatzea.
-Aholkularitza lana.
-Galdeketaren emaitzak adieraztea.
-Kanpainaren gardentasuna bermatzea.
-Dokumentuak suntsitzen direla ziurtatzea.
Oharra: Berme Batzorde bat eta bera partekatuko dute Usurbil eta Zubietako galdeketek.
Jarraipen Batzordea
Kideak: Iñaki Mujika Aizpurua, Marisa Alejandro Gordaliza, Iñaki Zabaleta Imaz, Odei Guirado Irasuegi, Xabier Udabe Pagola, Maider Makazaga Beristain, Eñaut Pagola Bereziartua, Andoni Larrañaga Oroz, Ana Esnaola Etxabe, Xabier Alustiza Bergara.
Eginkizunak:
-Galdeketa prozesu osoa ikuskatzea eta Berme Batzordearekin batera deialdiak eta protokoloak ezartzen dutenaren arabera betetzen dela bermatu.
-Galdeketaren fase guztiak behar bezala betetzen direla bermatu.
-Mahaietako zenbaketa emaitzak jaso.
-Ordezkariak izendatu…
Oharra: Jarraipen Batzorde bana izango dute Usurbil eta Zubietako galdeketek.
Datozen deialdiak
Zubietan
Apirilak 9, igandea
12:00 Pagazpe eta Zubieta Pilota Elkarteen arteko bote luze desafioa Zubietako errebote plazan, Herritzartu eta Zubiartean elkarteek antolatuta. Aurretik, herri kontsultarako galdera eta Jarraipen Batzordea aurkeztuko dute.
Maiatzak 7, igandea
Galdeketa.
Oharrak:
-Galdeketa antolatzeko bilerak asteartero 19:00etan Kaxkapen.
-Galdera babesteko manifesturako sinadura bilketa martxan.
Hartuemanetarako:
zubiartean@gmail.com
Facebook: Zubiartean
Oharra: herri kontsulta antolatzeko bilera asteartero 19:00etan Kaxkapen.
Antolatzailea: Zubiartean Elkartea.
Usurbilen
Apirilak 5, asteazkena
19:00 Hitzaldia Sutegin: Tolosaldeako galdeketaren ingurukoak ezagutzeko aukera. Hizlariak: Kike Amonarriz (soziolinguista eta telebistako aurkezlea) eta Garbiñe Biurrun (epailea). NOAUA! K.E.re-kin elkarlanean antolatua.
Apirilak 21, ostirala
19:00 Hitzaldia Sutegin: “Erabakitze eskubidea alderdi politikoen ahotan”. Hizlariak: Luke Uribetxeberria (EAJ-PNV), Marian Beitialarrangoitia (EHBildu) eta Juantxo Iturria (Ahal Dugu-Podemos). Elkarrizketatzailea: Fermin Munarriz (kazetaria).
Apirilak 29, larunbata
Egunean zehar, Erabaki Fest.
Maiatzak 7, igandea
09:00-20:00 Galdeketa.
Oharra: bolondresak behar dira goiz eta arratsaldeko txandetarako, bozka mahaietan egon edo laguntzaile lanetan aritzeko. Izen ematea, Herritzarturen Etxebeste kaleko lokalean (apirilaren 5era arte, astelehenetik ostiralera 18:00-20:00 artean).
Hartuemanetarako:
usurbilgureeskudago@gmail.com
Facebook: Gure Esku Dago Usurbil
Twitter: @GureEskuDagoU
Antolatzailea: Herritzartu Elkartea.