Igandean aurkeztuko ditu Zubiartean Elkarteak, herri kontsultarako Jarraipen Batzordea eta galdera

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 3a, 11:47

Zubietan ere aurrerabidean dira, maiatzaren 7ko herri kontsultarako antolaketa lanak. Galdeketa berme guztiekin ospatuko dela ziurtatzeko, Usurbilen bezala bi batzorde eratuko dira Zubietan ere; Berme eta Jarraipen Batzordeak. Usurbilgoak larunbatean osatu zituen Herritzartu Elkarteak, Potxoenean egin zuten batzarrean. Usurbilgo galdeketarako Berme Batzorde bera izango du Zubietako herri kontsultak ere. Aldiz, Jarraipen Batzorde propioa izango dute zubietarrek. Igande honetan bertan aurkeztuko dute, apirilaren 9an goizeko 11:30etan.

Honez gain, kontsultarako galdera zein izango den ere ezagutzera emango dute. Galdera, martxoaren 30ean Kaxkapen egin zuten herri batzarrean adostu zuten (ondoko irudian), saiora gonbidatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Mario Zubiagaren laguntzaz. 

Bote luze desafioa, erabakitze eskubidearen alde

Maiatzaren 7ko Usurbilgo eta Zubietako herri kontsultak girotze aldera, Usurbilgo Pagazpe eta Zubieta Pilota Elkarteko bosna kide lehian jarriko dituzten bote luze desafioa antolatu dute elkarlanean Herritzartu eta Zubiartean elkarteek, apirilaren 9rako 12:00etan Zubietako Errebote plazan. Gipuzkoako hainbat herrietan ari dira jokamolde hau suspertzen. “Usurbildarrok zein zubietarrok badugu eskarmentua pilota jokoetan, batzuk esku pilotan eta besteak errebotean. Oraingoan, ordea, ez du inork abantailarik edukiko, bestelako joko baten baitan jarriko baititugu lanean gure pilotariak: bote luzean, pilota jokoaren modalitaterik zaharrenean alegia”, adierazi dute antolatzaileek. Ekintza gehiago ere iragarri dituzte egun horretarako. “Bertaratu zaitezten animatzen zaituztegu herri galdeketak antolatzen gabiltzan bi elkarteetatik. Euskal usadioaz gozatzeko aukera bikaina izango dugu”, iragarri dute. Partida ospatu artean, hamaiketako goxoa sukaldatu eta zerbitzatuko da.

GALDEKETARI BEGIRAKO PROZESUA

Hurrengo deialdiak:

-Apirilak 9, igandea: 

11:30 Herri kontsultarako Jarraipen Batzordearen eta galderaren aurkezpena Errebote plazan.

12:00 Pagazpe eta Zubieta Pilota Elkarteen arteko bote luze desafioa errebote plazan, Herritzartu eta Zubiartean elkarteek antolatuta.

Bitartean, hamaiketakoa.

-Asteartero: Galdeketa antolatzeko taldea asteartero biltzen da 19:00etan, Zubietako Kaxkape egoitzan.

Galdeketa eguna: maiatzak 7, igandea.

Galdeketa kudeatuko duen elkartea: Zubiartean.

Manifestua: "Zubiartean. Zubietarrok erabakitze eskubidearen alde"

Taldearekin hartuemanetan jartzeko: 

zubiartean@gmail.com

Facebook: Zubiartean