"Aginagan ere, euskararen alde!"

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 5a, 10:38

"Aginagan ere euskararen alde!", "Aginagan ere Korrikaren alde!" daudela aldarrikatu zuten ozen asko, herri ikastetxeko ikasle, hezitzaile eta gurasoek. Korrika Txikia ospatzen lehenak izan ziren. Goizeko 11:00ak pasatxoan eskolatik abiatu, Kaxkoari itzulia eman eta frontoira itzultzeko ibilbidea osatu zuten tipi-tapa, festa eta aldarrikapen giro betean. Hezkuntza ziklo ezberdinetako ikasleek garraiatu zuten mezu sekretua zeraman lekukoa. "Zirkorrika" abestiaren bueltan frontoian dantzan amaitutako ekitaldian irakurri zuten. Honela zioen:

MEZUA

Euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat da. Hemengo hizkuntza, gure kultura eta gure izaera. Euskal Herria euskaraz ulertzen dugu. Euskaldun eta euskaltzaleok aspaldi ekin genion geure hizkuntza sendotzeari, etorkizun hobea nahi dugulako.

Aginagan euskaraz bizi gara egunero. Aginagan ere euskaraz bizi nahi dugu, eskolako irakasleekin, lagunekin, gurasoekin eta beste bizilagunekin. Gure artean bizi diren eta euskara ez dakiten pertsonei euskara ikastera animatzen diegu, denon artean Aginaga eta Euskal Herria euskaldunago batean bizi nahi dugulako.

Oso polita delako zu euskaraz entzutea.... Aupa Korrika eta aupa Aginaga!