Ondoko irudikoak bisitan datozkigu larunbateko Dantza Egunean. Ipar Euskal Herriko euskal lizeo bakarreko, Bernat Etxepareko ikasleak dituzue. Laguntza beharrean dira. Irailetik aurrera zabalik izango duten eraikin berria ekipatzeko 300.000 euroko laguntza behar dute. Sagarrondoak jarri dituzte salgai. Ostiralera arte, erosi ahalko dituzue 30, 50, 100, edo euro gehiagoren truke, NOAUA!n, Udarregi Ikastolan, Alkartasuna Kooperatiban, eta Lizardi liburu dendan. Larunbatean ere salgai izango dituzte, antolatu dituzten elkartasun ekimenetako bat izango da.
Lizeoko ikasleek NOAUA!ri aipatu diotenez, eraikin berriko kanpoko egitura prest izanda, orain barneko lanak bideratuko dituzte. “Ederra eta handiagoa irudikatzen dugu etorkizuneko lizeoa”, adierazi digute. Horretarako ordea, guztion laguntza beharrean dira. “Zuen beharra dugu sentitzeko jendea gurekin dela”, adierazi digute.
Apirilak 8, larunbata
10:30 Bernat Etxepare Lizeoa babesteko sagarrondoen landaketa, Udarregi Ikastola atarian.
11:00 Sagastien Paisaia Kulturala ezagutzeko ibilaldia frontoitik, Jakoba Errekondoren eskutik.
11:00-14:00/17:00-19:00 Bernat Etxepare Lizeoa babesteko sagarrondoen salmenta frontoian.
Antolatzaileak: Udarregi Ikastola eta Bernat Etxepare Lizeoa.
Informazio gehiago: betxepare.eus
ELKARRIZKETA BERNAT ETXEPARE LIZEOKO IKASLEEI
1- Zer moduz doaz eraikin berriko lanak?
2 -Zertan hobetuko da Lizeoa eraikin berriarekin?
3 -Nola irudikatzen duzue etorkizuneko Lizeoa?
4 -Ipar Euskal Herriko euskal lizeo bakarra da zuena. Zergatik hautatu zenuten euskaraz ikastea?
5 -Oraindik zabalik da zuen lizeoa laguntzeko elkartasun kanpaina. Zergatik da gure laguntza beharrezkoa?
6 -Usurbila zatozte apirilaren 8ko, Dantza Egunean. Nolatan? Nondik abiatu zen ideia?
Leire (Donostia) eta Sabina (Itsasu)
1-Aintzina doaz, heldu den sartzerako bukatuak izanen dira!
2-Handiago izango da, berogailuak izango ditugu geletan, janaria hobea izango da, ordenagailu eta material berria 3-izango dugu...
3-Aurtengoa baino hobea
4-Familian euskaraz hitz egiten dugulako eta txikitatik entzun dugulako? oso garrantzitsua da guretzat euskara.
5-Lizeoa eta materiala oso zaharkitua delako? eta laguntza behar dugulako lizeo berria ordaintzen.
6-Gure matematikako irakasleak proposatu zigulako, gure gela bikaina delako.
Elea (Itsasu), Louis (Luhuso), Ainhoa 8Urruña), Lola (Kanbo)
1- Lanak untsa aitzinatzen dira eta aski fite.
2- Janaria hobea izanen dela irudikatzen dugu, materiala hobea izanen dela eta modernoagoa izanen dela.
3-Ederra eta handiagoa irudikatzen dugu etorkizuneko Lizeoa.
4- Euskara sustatzeko ikasketak euskaraz egitea hautatu dugu.
5-Zuen beharra dugu senditzeko jendea gurekin dela eta kanpainarentzat importantea da ere zabaltzea hegoaldean.
6-Gure usurbileko erakasleak ideia ukan du ideia.
Elorri (Eiheralarre), Garazi (Hendaia), Oihana (Hazparne), Maia (Irun).
1-Eraikin berriko lanak ondo doaz eta azkar.
2-Eraikin berriarekin, ikasle gehiago sartuko dira, neguan berogailuak egongo dira eta material berria ere.
3-Etorkizuneko lizeoan giroa beti bezala ona izango da, berdina baina baldintza hobeetan.
4-Euskaraz ikastea hautatu genuen, txikitako giro berdinean segitzeko eta gure hizkuntzarekin aurrera segitzeko.
5-Euskararen maila iparraldean hobetzeko eta mantentzeko.
6-Usurbilera gatoz apirileko 8an, Enautek (gure matematika erakasleak) gonbidatu gaituelako, sagarrondoak saltzeko eta herri euskaldunetarikoko bat bisitatzeko asmoz.
Ellande (Baigorri), Joannis (Azkaine), Gorka (Donibane Lohitzune), Unai (Donibane Lohitzune)
1- Ttuku-ttuku aitzinatzen doaz, bainan abantzu dena eraikia da. Orain barnetik beharko da eraiki: elektrika, plonberia …
2- Lan material berria ukanen dugu eta baldintza onak
3- Ederra eta handia
4- Gure hizkuntza delako
5- Materialaren erosteko sosa eskas dugulako.
6- Gure mat irakaslea Usurbildarra izanki ideia bikaina ukan zuen