Usurbilgo dantzarien arropei botako genien begia sarritan, baina jantzi horien atzean dagoen lana ez zaigu ziurrenik hain ezaguna egingo. Orbeldik jostun talde prestu askoa du. Potxoenean biltzen dira asteazken arratsaldero. Lerrootan jostun talde gisa aurkeztu asmo genituen arren, duela astebete haiekin elkartu ginenean lagun taldea osatu zutela nabarmentzen ziguten. “Oso giro ona dugu. Orain hemendik atera eta kafea hartzera goaz”, zioten NOAUA!ri.
Potxoeneako geletako batean, dantzarien arropa josten, berritzen, plantxatzen, prestatzen dabiltza. Hiru urte daramatzate zereginotan. “Dantza Taldeak lokal zaharrean zituen arropak txukuntzen, berritzen hasi ginen. Gero material berria neurrira josten, txalekoak, gonak…”, adierazi digute.
Aurreko Dantza Eguneko edizioetan dantzariek soinean zeramatzaten jantziak ere jostun taldeak landutakoak dira. Haiek josi eta jostun taldean dantzan aritzen direnak ere badirenez, jositakoa soinean eramateko aukera izaten dute. Mimo handiz aritzen dira lanean, gustura. Bat baino gehiagok aipatu digu josten ikasten ari dela, nahiz taldeak baduen 15 urtez geroztik eremu honetan trebatu den irakaslea: Maria Luisa. Bere esanetan taldea nabarmen trebatu da urteotan. “Aldea egin dute. Trebatu direla ikusten da. Oso gustura dabiltza”, adierazi dio NOAUA!ri.
Dantza Taldearen esker ona
Orbeldi Dantza Taldeak esker ona baino ez du jostunontzat. “Asko eskertzen dugu egiten duten lana. Arropa erosten hasi beharko bagenu, dirutza xahutu beharko genuke. Talde honek lana eta diru asko aurrezten digu. Mimoz egindako jantziak direnez gero gehiago luzitzen ditugu gainera”, adierazi digute dantza taldekoek.
Orbeldi Dantza Taldeak udan zehar auzoetako festetan egingo duen emanaldien birarako jantziak prestatzen dabiltza asteotan. Datorren “kolekzioa” Kalezarko San Juan jaietan eskainiko duten emanaldian aurkeztuko dute. Irribarre artean, esan digute, jada marka propioa sortu dutela; “Orbeldi Jantziak”.