Usurbilgo EHBildu, erraustegiko lanen esleipenaren aurrean: "Bide onean goaz, ez dugu etsiko"

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 6a, 12:16

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanen kontratua sinatu zuen astelehenean Ekondakin, Urbaser, Meridiam Investments, Altuna y Uria, Moyua, Murias eta LKS Ingeniería enpresa taldeak osaturiko sozietatearekin. Kontratua sinatuta, ahalik eta lasterren lanei ekiteko borondatea azaldua du Aldundiak. Ate joka dugun oporraldiaren ostean hasi daitezke lanak. Zubietako erraustegia, 2019ko udazkenerako martxan egotea aurreikusten du Diputazioak.

Esleipen honen aurrean, Usurbilgo EHBilduk adierazi duenez, "okertu egin ginela esan nahi digute asteleheneko sinatzearekin, baina jakin badakigu bide onean goazela. Eta ez dugu etsiko". Hala adierazi du koalizioak, NOAUA!ra helarazi duen idatzi honen bidez:

Hitzez, borondatez eta ekintzez; Usurbilek bere bidea

Astelehenean sinatu zuten erraustegia eraikitzeko lanen kontratua. Edonondik begiratuta ere, albiste txarra da. Zentzu eta bihotz oneko inor ez da poztuko sinatze horrekin, egin nahi dutena kalterako baita, osasunari, ingurumenari eta ekonomiari dagokienez.

Esan dezagun garbi: erraustegi hau Gipuzkoako herritarren gehiengoaren borondatearen aurka egin nahi dute, eta ez hori bakarrik, baita Europatik datozen zuzentarauen aurka ere. Erraustegi honek ez du herrialde ikuspegirik, ez ingurumenarekiko errespeturik -izenarekin poesia egin arren-, ez eta herritarren nahi eta borondatearekiko sentsibilitaterik ere. Erraustegia enpresa pribatuen interesei erantzuteko eraiki nahi da, gipuzkoarrei bizkar emanez eta opakotasun osoz. Elite ekonomikoaren interesak lehenetsi dira, herritar xeheon kaltetan.

Ondoan inork  nahi ez duen azpiegitura hori, etxe ondora ekarri nahi digute. Azken hamar urteetan Usurbilek hitzez, borondatez eta praktikan erakutsi du erraustegiaren aurkako jarrera. Hainbat agerraldi publikotan, erresistentzia juridikoarekin, galdeketen bidez (parte hartu zutenen %97,9k esan zuen ez zuela erraustegirik nahi), baina, batez ere, egunez egun alternatibak garatzen eta hondakinen kudeaketa hobetzen aritu gara. Eredugarria izan da, eta da, Usurbilgo herritarren jokabidea.

Usurbilgo EHBilduk ere jarrera irmoa du erraustegiaren aurka, eta halaxe agertu dugu ordezkaritza dugun foro guztietan eta baita alternatiba garatzean ere, Usurbil 0.0 bezalako ekimenak abiaraziz eta konpartituz. Ez diogu ez sosik ez hondakinik opa erraustegiari.

Duela hamar urte bide bati hasiera eman genion: murrizketa, berrerabilera eta birziklapena ziren bide horren gakoak. Bidean jarraitzen dugu oztopoak oztopo eta amarruak amarru. Okertu egin ginela esan nahi digute asteleheneko sinatzearekin, baina jakin badakigu bide onean goazela. Eta ez dugu etsiko.

Denborak bakoitza bere lekuan jartzen du.

 

Usurbilgo EH Bildu