"Hitza hartu" parte hartze prozesua abiatuko du GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 6a, 11:45

"Hitza-hartu" izena izango du, aurrekaririk ez duen parte hartze prozesua abiatzera doa GuraSOS. "Gizarte zibiletik antolaturikoa" izango dela zehaztu du guraso taldeak. Duela bi aste iragarri zituen ekimenetako bat izango da laster martxan jarri nahi duen "Hitza-hartu" prozesua. Ez bakarra. Hurrengo hilabeteei begira, GuraSOSek jorratu asmo dituen lan lerroetako bat izango da. Xehetasun gehiago egunotan ematekoa da guraso taldea. "Garrantzia handiko bi gizarte ekimen dira, irudimentsuak eta berritasun handikoak, GuraSOSen iritzian, egoera desblokeatzea lortuko dutenak eta aldi berean hondakinen kudeaketarako konponbide adostura heltzea ere bai", iragarri dute.

Hitza hartzeko eskubidea baliatu eta erabakia adostera helduko direla ziurtatzen du guraso taldeak. "Ez gara nekatuko gogoratzeaz, esaten dutena esaten dutela, jartzen diren bezala jartzen direla, gai publikoetan zuzenean parte hartzeko eskubidea (hondakinak kudeatzeko politika) dugula, gure eskubidea baita, giza eskubidea, nazioarteko tratatuek onartua, eta gainera erabili egingo dugu. Parte hartuko dugu erabakian. Eta erabakia adostua izango da. Denborak esango du", adierazi du ohar bidez, GuraSOSek. 

Partaidetza prozesua iragarri zuen Aldundiak

GuraSOSek abian jarriko du parte hartze prozesua, adierazi dutenez, Foru Aldundiari hondakinen kudeaketaz publikoki eztabaidatzeko prestasun falta sumatu ostean, nahiz 2016ko ekainaren 6an, 2017-30 urte arterako Hiri Hondakinen Plan berria diseinatzeko partaidetza prozesua iragarri zuen ingurumen diputatuak. Uztailetik abendura egin asmo zutena. Ingurumen diputatuak "azpimarratu zuen lehenbiziko aldia izango zela arlo honetan partaidetzako prozesu publikoa egingo zela, baina bertan behera geratu zen, ez genuen hartaz beste ezer jakin". 

Gai honen harira, esteka hau helarazi du GuraSOSek. Bertan, Aldundiko ordezkariek ekainaren 6an egin zuten agerraldiko bideoa duzue:

http://www.gipuzkoa.tv/es/detalle-video/video/presentacion-del-proceso-de-participacion-pigrug-2017-2030

GuraSOS aldarrikatzen ari den parte hartze prozesua oinarrizko eskubidea dela diote, ingurumena babestearekin, osasunerako eskubidearekin eta guraso zein seme-alaben osotasun fisikoarekin erabat lotua dagoena, Giza Eskubideen Europar Auzitegiak edota Europar Batasuneko Eskubide Funtsezkoen Kartak defendatzen duten moduan. Guraso taldetik diotenez ordea, "Foru Aldundiak aukera galdu du legezko testuek eta europar epaiek zedarritzen duten garai berrira atxikitzeko, herritarren partaidetzarako eskubidearen ikuspen erredukzionistari eutsiz, zeina, gainera, bereizten den egokiro zabaltzeko asmotan izan zen foru arautegi propiotik". 

Herritarrei parte hartzea aitortzen dien foru araua

Uztailaren 8ko 1/2010 Foru Arauari buruz ari da GuraSOS. Foru Arau honek, zuzenean nahiz herri erakundeen bidez, herritarrek Aldundiaren eskumeneko gai publikoen kudeaketan parte hartzeko eskubidea aitortzen die herritarrei. "Garbi asko karakterizatzen du herritarren parte-hartze eskubidea benetako funtsezko eskubide gisa, foru arloko gai publikoetan parte-hartze politiko zuzena izateko. Foru Arauak bere Hitzaurrean bere burua berritzailetzat jotzen du eta “herritarren partaidetza zuzenerako formak bultzatzeko beharra, hain zuzen ere, demokrazia ordezkagarriaren instituzioen osagarri modura” aldarrikatzen du eta horretarako lurralde historikoko herritarren partaidetza zuzenerako tresnak eta prozedura espezifikoak ezartzen ditu, zentzurik zabalenean".

Hori horrela izanik ere, Aldundiak epaitegietan kontrakoa defendatu duela dio GuraSOSek. "Ukatu egin du entitateak eskubide horren titular izateko aukera, eta parte-hartzeari izaera politikoa ukatu dio. Eta geure buruari galdetzen diogu, zer iritzi ote dute horretaz Foru Araua onartu zuten Batzar Nagusiek?".

Demokrazia ordezkagarriak eta zuzenekoak elkarren osagarri izan beharko luketen arren, Aldundiak elkarren aurka jartzen dituela ikusteak tristura eragiten diotela adierazi du GuraSOSek eta atzerapausotzat jotzen dute, "atzerakoia da eta ez dator bat Europan, eta munduan ere, bereziki ingurumenaren arloan bizi dugun garaiarekin". 

Bide judizialaren helburua, akordiorako denbora irabaztea

Guraso taldeak argi dio beste behin. Prest daude parte hartzeari buruzko auzia Europar auzitegietara eramateko, baina "bide judiziala ez da gure dinamikaren tresnarik garrantzizkoena", hondakinen kudeaketarekin dugun arazoari irtenbide adostu bat ematea baizik. Eta bide judizialaren helburua ez dela "edozein proiektu atzeratzea, baizik eta konponbidearen azeleragailua sakatzea. Horrekin batera herritarren informaziorako eskubidea eta parte-hartzekoa bermatu nahi ditu". GuraSOSek abiatu dituen ekimen juridikoen berri eman zuen martxoaren 23an hedabideekin eginiko bilkuran. Honatx informazio gehiago:

GuraSOSen bilkura hedabideekin