5 edizioz, herria dantzan jartzen

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 7a, 11:16

Edizio borobilera heldu den Dantza Egunaren bezperatan, antolatzaileekin bildu gara. Pozik agertu dira ekimena urteotan herrian nola sustraitu den ikusita. Oroitzen dutenez, duela sei urteko Usurbilgo jaietako azken trakan berreskuratu zuten koreografia lantzerakoan eman zen Dantza Eguna antolatzeko lehen urratsa. Herritar talde batek halako dantzak lantzeko nahia agertu zuen. Hortik aurrerako pausoak katean etorri ziren. Taldea osatu eta entseguekin hasi ziren.

Entseguotako lanketak, Dantza Taldeak uda partean auzoetako jaietan eskaintzen dituzten emanaldietan leku egokirik aurkitzen ez zutenez, “pentsatu genuen polita izango zela Dantza Egun bat antolatzea”. Esan eta egin. 2013ko apirilaren 27an ospatu zen estreinako edizioa, herriko dantza estilo ezberdinen edota Orbeldikoek lantutako “Sorginetxe” ikuskizunaren bueltan. Harrera beroa izan zuen. “Ikuskizun aldetik ez zen garatuena izango agian, baina sortu zuen inpaktua, jendeak ez zuen espero inondik inora”, gogorarazi digute dantza taldetik. Oso oroitzapen gozoa dute urte hartaz, baita oro har, ordutik Dantza Egunak Dantza Taldeari egin dion ekarpenaz ere. Argi utzi digute, egun bereizi ezinak direla biak.

Talde barrura begira, “Dantza Egunak lortu du dantzariek taldean motibazioa mantentzea”. Herrira begira aldiz, "interesa piztu du. Egun honek Usurbilen dantza bizirik dagoela erakusten du”. Dantzarientzat ondo pasatzeko egun handia da Dantza Eguna. Taldea handitu eta egonkortzen lagundu du gainera. Pentsa, haurrekin lan egitetik, helduen 3 talde izatera heldu dira. Egun, 130 bat ume eta 80 helduek osatzen dute Orbeldi. Tartean bada nabarmendu nahi duten helduen talde bat; erromeria dantzetan aritzen direnak. Orbelditik oroitzen dutenez, “emakumeok beti publiko artean txaloak egiten aritu diren pertsonak izan dira eta lehenengo urtean beraiek eskenatokian protagonistak izan, ze emozio zuten ikusi eta txaloak haiek jasotzea gauza handia izan zen”.

Biziagotzen

Hasieran dantzariek bakarrik parte hartzen zuten Dantza Egunaren amaierako ikuskizunean, gero antzezleak ere batu zitzaizkien. Aurten herriko musikariak ere animatu dira, zuzeneko musika izango da. “Genuen muntaiarekin jo dugu haiengana eta haiek guk eskaturikora moldatu dira. Eskertzekoa da haien eta antzerkikoen parte hartzea”, adierazi dute Orbelditik. Azkenean, herriko artisten topagunean bilakatu da emanaldia, “indarra eta beste perspektiba ematen diote”.

Argi denez, osagai berriak txertatzen doaz urtero, eta bide horretan segi nahi lukete. Geroz eta biziago ikusten dute Dantza Eguna. “Herriak eman duen erantzuna garrantzitsua izan da. Dantza Eguna indartsu dago eta hala segi behar du”, diote. Hurrengo urterako ideia iaztik ere prest omen dute. “Gustoz egiten den lana izanik, ideiak etorri eta koreografiak atera egiten dira”, adierazi digute.

Larunbatera begira, Dantza Egun borobil honetan parte hartzera animatzen dituzte herritarrak. Baina baita urtean zehar antolatzen dituzten ikastaroetara. “Giro oso ona dago. Herritar gehiago hartzeko prest gaude. Probatzera etorri nahi duenak etorri dadila lasai”. Ateak zabalik dituzte.