NOAUA! APP, gure edukiak klik bakar batean

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 7a, 13:02

Aplikazio berri honi esker, NOAUA!ko edukiak inoiz baino eskuragarriago izango dituzu. Android zein Apple sistemetara egokitu dugunez, eskuko telefonoetan zein tablet euskarrietan ezarri daiteke. Klik bakar batean. Web orrialdera sartu gabe, NOAUA! APP aplikazioarekin zuzenean jaso ahal izango dituzu azken albisteak nahiz agendako xehetasunak.

Albisteak

Aplikazioa eskuratu eta ireki orduko, Albisteak ataleko lerroburuak agertuko zaizkigu. Lerroburu bat interesgarria bazaizu, lerroburuan bertan klik egin eta instant batean zabalduko zaizu albiste osoa.

Baina NOAUA! APP-aren ekarpena haratago doa. Baliabide berri honen bitartez,  etiketa bidez ere aukera ditzakegu Albisteak: Ekonomia, Jendartea, Kirola, Kultura edota Politika sailetako lotura zuzenak eskaintzen ditu aplikazioak.

Albiste bat igo orduko, aukeran, abisu bidezko jakinarazpena jaso dezakezu zure mugikorrean. Edo ez. Abisuak gaitu edo ezgaitu, norberaren esku dago.

Agendako deialdiak

NOAUA! APP aplikazioa atal gehiagorekin hornitu dugu. Agenda kontuak jarraitzeko adibidez, oso egokia da gailu berria. Agenda-ra jotzen baduzu, datozen ekitaldien lerroburuak agertuko zaizkizu. Funtsezko informazioa baino ez: ekitaldiaren lerroburua, tokia eta eguna. Deialdi jakin bati buruzko xehetasun gehiago jaso nahi baduzu, Albisteak atalean aipatu bezala, klik egin lerroburuan eta ekitaldiari buruzko xehetasun denak agertuko zaizkizu.

Agendako deialdiak ere abisu bidez ere jaso ditzakezu. Aukera aktibatzen baduzu, agendako deialdien abisuak iritsiko zaizkizu mugikorrera. Baina albisteekin esan dugun bezala, agendako abisuak jaso edo ez, hautazkoa da. Aplikazioan bertan ikusiko duzunez, oso erraza da abisuena aktibatzea edota desaktibatzea.

Diruz lagundutako ekimena

Lan hau burutzeko, NOAUA! Kultur Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. 

Aplikazioa eskuratzeko estekak

Aplikazioa eskuratu nahi baduzu, hauxe duzu esteka zuzena:

NOAUA! APP Android sisteman: Google Play.

NOAUA! APP Apple sisteman: Apple Store.