Gure artean ditugu, Baionako Bernat Etxepare Lizeokoak

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 8a, 17:32

Baionako Bernat Etxepare euskal lizeoko kideak gure artean ditugu larunbat honetan. Azken asteotan udalerri honetan abian izan den elkartasun kanpaina borobiltzera etorri dira, eta bide batez, lizeoak Udarregi Ikastolarekin elkarlanean antolaturiko ekimenetan parte hartzera. Bisita goizeko hamarretan hasi dute, Usurbilgo Udalean. Udalak harrera egin die Ipar Euskal Herriko euskal lizeo bakarretik etorriko ordezkaritzari. "Oso pozgarria da guretzat Iparraldeko gure lagunak hemen izatea. Beti izango zarete guretzat senide", adierazi die udalaren izenean, Xabier Arregi alkateak udalbatza aretoan egin duten bilkuran.

Usurbil aurkeztu die segidan. Herri euskalduna dela goraipatuz, " euskara guretzat balore oso garrantzitsua da, zaindu beharrekoa", nabarmendu du alkateak. Euskal kulturari atxikia dagoen udalerria dela gaineratu du, bi alkate dituena; Udalekoaz gain, "usurbildarrok sagardoa dugu alkate". Sagardoa edari soila baino gehiago da usurbildarrontzat, "inguratzen duena ere kulturatzat dugu", zioen Arregik.

Jakinmina hondakinen kudeaketaz

Sagarrondoa du ardatz hain zuzen, Baionako euskal lizeoaren eraikin berria ekipatzeko abiatu duten "Hazten gaitu, hazten dugu" elkartasun kanpainak. 300.000 euroko laguntza bildu nahi dute. Horretarako, sagarrondoak salgai izan dituzte azken asteotan udalerriko hainbat txokotan, baita larunbat honetan ere Aitzaga parean jarri duten postuan. 

Baionatik bisitan etorritakoek ere jakinmina bazuten, hondakinen kudeaketarekin dugun arazoaz. Udalerri honetan burutzen den hondakinen kudeaketa eraginkorra azaltzeaz gain, Gipuzkoako agintariek inposatu nahi diguten erraustegiaz alkateak adierazi die, herria "buru-belarri borrokan dabil. Ez dugu etsi eta borrokan jarrituko dugu, gure etorkizunari begira proiektu oso kaltegarria izango dela iruditzen zaigulako. Hemen gaudenok zor diogu geure buruari eta batez ere ondoren datozenei Euskal Herri eta Usurbil osasuntsuago eta ingurumenarekiko errespetuz jokatuko duena". 

Sagarrondoaren landaketa eta ibilaldia

Udaleko harreraren ostean, elkartasun kanpainako sagarrondoetako bat, Udarregi Ikastolako atarian landatu dute. Handik abiatu dute gero, Jakoba Errekondo paisajista gidari zutela, Kaxkoa eta Kalezar ingurutik barrena, sagastien paisaia kulturala ezagutzeko osatu duten ibilalditxoa.