Udan haur saharrak etxean hartzeko "Oporrak Bakean" egitasmoa martxan

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 12a, 09:08

Datorren udan 10-12 urte arteko haur sahararrak etxean hartzeko egitasmoarekin bat egin du aurten ere, Usurbilgo Udalak. Aurtengoan 100 familia behar dituzte, errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren haurrak etxean hartzeko. EAE-ko Saharar Ordezkariek, Saharar Herriaren Lagunen Elkarteek eta erakunde ezberdinek bultzaturiko proiektu honetan parte hartzera animatzen dute. “Adin txikiko hauek, urtean gutxienez bi hilabetez, munduko desertutik gogorrenetik irteteko beharra dute eta orain dela 40 urte lapurtu zieten osasuna berreskuratzeko beharra dute. Modu orekatuan elikatzeko beharra dute, elikagai eskasiak eragindako gaixotasunak sendatzeko. Mediku errebisioetara joateko beharra dute, eta beharrezkoa balitz tratamentuekin hasi. Neska eta mutil hauek oporrak bakean izateko beharra dute, itzalean egiten dituen 55ºtik urrun”, adierazi dute.

Gaineratzen dutenez, haur sahararrek gure artean egiten dituzten udako bi hilabeteetako "elkarbizitza hau bi aldeentzat da aberasgarri, haurrek saharar errefuxiatu kanpamentuetatik oso ezberdinak diren gauzak ikasten dituztelako, eta guretzat herri xume honek dituen baloreak, kultura, egoera ezagutzeko. Programa honetan nahi duen orok parte hartu dezake, soilik denbora librea eta gogoa da izan beharrekoa. Programa hau aurrera eramateko beharrezkoa den gauza bakarra: zure elkartasuna".

Konpromisoak

Harrera familienak: besteak beste, adin txikia errespetatuz euren etxean abegitu, mantendu, babestu eta zaintzea; haurraren osasun errebisioak egin edo mediku arazoak konpontzea; beharrezko ekintzetan parte hartzea; programaren herriko arduradunen adierazpenak errespetatu eta jarraitzea...

Elkartearen eta udalaren adierazpenak: adin txikikoen ongizatea berrestea; zerrendako haurrez arduratzea; ahalik eta gehien zabaldu proiektua, harrera familia gehiago lortzeko; harrera familiak aukeratu; bidaia edota begiraleen kostuei aurre egitea; informazioa eskaini; adin txikikoak familian izan ditzakeen arazoak konpondu...

Argibide gehiagorako, gizarte-zerbitzuak@usurbil.eus , 943 377 110, oporrakbakean.jimdo.com