Erraustegia eraiki nahi duten eremuko lanen bigarren faseari ekin dio Aldundiak

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 19a, 12:53

Lanon bigarren fasearen baitan, biometanizazio planta bat eta zepentzako beste azpiegitura bat eraikitzea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bi guneok, erraustegiarekin eta tratamendu mekaniko-biologiko plantarekin batera eraiki nahi dituzte. Azpiegitura guztion eraikitze lanak 2019. urteko erdialdera amaitu eta 2019ko udazkenerako martxan egotea espero dute.

Lanen bigarren faseari ekiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamenduak Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Azpiegituren Lurralde Plan Sektoriala (LPS) aldatzeko tramiteak abiatu ditu. "Hirigintza-dokumentu honen aldaketa beharrezkoa da Gipuzkoako Ingurumen Gunearen bigarren fasea garatzeko", berri eman du Aldundiak. Oinarrizko proiektua landu asmo du Aldundiak eta Ingurumen Baimen Bateratua eskatuko dute fase honetarako. 

Bigarren faseko lanok, 25-35 milioi euro arteko kostua izango dutela gaineratu du Aldundiak. 2018. urte hasierarako amaitzea aurreikusten duten bigarren fase honen tramitazioa ere martxan jarrita, ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren esanetan, "Gipuzkoak hondakinen arazoari irtenbidea emango dio legealdiaren amaieran eta herritarrei egindako promesa beteko da”.

Abian diren ekimenak

Panorama honen aurrean, gogoan izan, eragile desberdinek abian dituzte ekimenak:

-Usurbilgo Udala: "Usurbil 0.0" , etorkizunean hondakinen kudeaketa eredu propioa izateko bide-orria.

-GuraSOS: abian dituen ekimen juridikoez gain, laster abiatzekoa da "Hitza Hartu", aurrekaririk izan ez eta gizarte zibiletik martxan jarriko den hondakinen kudeaketaren inguruko parte hartze prozesua.

-Errausketaren Aurkako Mugimendua: aurkeztua du, erraustegia alboratzen duen alternatiba egingarri, merkeago eta osasuntsuagoa. Milaka herritarrek babestu zuten alternatiba, martxoaren 25ean Donostian egin zuten manifestazioan.

-Gipuzkoa Zutik: Gipuzkoako Foru Aldundiari erraustegiaren kontratua erakutsi dezan eskatzeko sinadurak biltzen ari da. Esteka honetan adierazi diezaiokezue ekimenari atxikimendua: https://www.change.org/p/markel-olano-pnv-egia-jakin-nahi-dugu-erakutsi-erraustegiaren-kontratua