Erraustegia eraiki eta kudeatzeko ardura duen Urbaser enpresa miatu dute

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 20a, 13:51

"Canal de Isabel II" ur konpainia publikoan ustez eginiko fondo-desbideratzea dela eta, atzotik zabalik da "Lezo" izeneko polizia operazioa Madrilen. Hedabideek berri eman duten moduan, besteak beste, Madrilgo Erkidegoko presidente izandako Ignacio Gonzalez (PP) atxilotu du poliziak eta hainbat miaketa ere egin dituzte. Tartean, erraustegia eraiki eta hurrengo 35 urteotan kudeatzeko ardura duen Urbaser enpresak Madrilen duen egoitzan. Antza, Guardia Zibilak hainbat dokumentazioz jositako hamar kaxa baino gehiago bildu ditu bertan eta Auditel enpresan. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok koordinaturiko polizia operazioak zabalik segitzen du. 

Orain txinatarren esku

Guardia Zibilak atzo miatu zuen enpresa, jabez aldatu zuten joan den udazkenean. Ordura arte, Florentino Perezek zuzenduriko ACS enpresa taldearen baitan zen Urbaser. Espainiar estatuko hainbat erkidego eta hiriburuetan, hondakinak bildu, kaleak garbitu edota uraren kudeaketaz arduratzen zen lantegi hau, CNTY txinatar enpresa taldeko kide den Firion Investments enpresak erosi zuen joan den udazkenean. 

Kontratua, duela bi aste sinatua

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanen kontratua apirilaren 3an sinatu zuen Ekondakin, Urbaser, Meridiam Investments, Altuna y Uria, Moyua, Murias eta LKS Ingeniería enpresa taldeak osaturiko sozietatearekin. Kontratua sinatuta, ahalik eta lasterren lanei ekiteko borondatea azaldua du Aldundiak. Oporraldiaren ostean hasi omen daitezke lanak. Zubietako erraustegia, 2019ko udazkenerako eraikia eta martxan egotea espero du Aldundiak.

Bigarren fasea abian

Erraustegia eraiki nahi duten eremuko lanen bigarren faseari ekin dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lanon bigarren fasearen baitan, biometanizazio planta bat eta zepentzako beste azpiegitura bat eraikitzea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bi guneok, erraustegiarekin eta tratamendu mekaniko-biologiko plantarekin batera eraiki nahi dituzte. Azpiegitura guztion eraikitze lanak 2019. urteko erdialdera amaitu eta 2019ko udazkenerako martxan egotea espero dute.

Lanen bigarren faseari ekiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamenduak Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Azpiegituren Lurralde Plan Sektoriala (LPS) aldatzeko tramiteak abiatu ditu. "Hirigintza-dokumentu honen aldaketa beharrezkoa da Gipuzkoako Ingurumen Gunearen bigarren fasea garatzeko", berri eman du Aldundiak. Oinarrizko proiektua landu asmo du Aldundiak eta Ingurumen Baimen Bateratua eskatuko dute fase honetarako. 

Bigarren faseko lanok, 25-35 milioi euro arteko kostua izango dutela gaineratu du Aldundiak. 2018. urte hasierarako amaitzea aurreikusten duten bigarren fase honen tramitazioa ere martxan jarrita, ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuaren esanetan, "Gipuzkoak hondakinen arazoari irtenbidea emango dio legealdiaren amaieran eta herritarrei egindako promesa beteko da”.

Abian diren ekimenak

Panorama honen aurrean, gogoan izan, eragile desberdinek abian dituzte ekimenak:

-Usurbilgo Udala: "Usurbil 0.0" , etorkizunean hondakinen kudeaketa eredu propioa izateko bide-orria.

-GuraSOS: abian dituen ekimen juridikoez gain, laster abiatzekoa da "Hitza Hartu", aurrekaririk izan ez eta gizarte zibiletik martxan jarriko den hondakinen kudeaketaren inguruko parte hartze prozesua.

-Errausketaren Aurkako Mugimendua: aurkeztua du, erraustegia alboratzen duen alternatiba egingarri, merkeago eta osasuntsuagoa. Milaka herritarrek babestu zuten alternatiba, martxoaren 25ean Donostian egin zuten manifestazioan.

-Gipuzkoa Zutik: Gipuzkoako Foru Aldundiari erraustegiaren kontratua erakutsi dezan eskatzeko sinadurak biltzen ari da. Esteka honetan adierazi diezaiokezue ekimenari atxikimendua: https://www.change.org/p/markel-olano-pnv-egia-jakin-nahi-dugu-erakutsi-erraustegiaren-kontratua