Erabaki Fest jaialdiko zikiro janerako txartelak salgai igandera arte

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 21a, 16:03

Maiatzaren 7an Usurbilen eta Zubietan ospatuko diren herri galdeketak girotze aldera, Erabaki Fest jaialdia antolatu dute apirilaren 29rako, galdeketok deitu dituzten Herritzartu eta Zubiartean elkarteek. Iragarri dituzten ekitaldien artean, zikiro-jan baten bueltan bildu nahi dituzte herritarrak. Otordurako txartelak aurrez eskuratu behar dira; igande hau, apirilaren 23a baino lehen. Artzabal, Irrati, Bordatxo, Aitzaga, Txiriboga eta Patri tabernetan erosi ditzakezue 23 eurotan. 15 euroren truke, ikasle eta langabetuek. Haurrentzako paella izango da; txartelak kasu honetan 5 eurotan eskuratu ahalko dira. Bazkalostea, elektrotxarangak girotuko du.

Erabakitze eskubidearen aldeko jaialdia ordea eguerdian abiatuko da, 12:00etan Mikel Laboa plazatik abiatuta eta herritarren laguntzaz, "M7 erabaki" esaldia irudikatuko duen mosaiko erraldoiarekin. Hizkietako bat zubietarrek osatuko dute. "Animatu parte hartzera!", adierazi dute Zubiartean Elkartetik ere. Bertaratzeko asmoa dutenei jakinaraztea eskatu die Zubiartean Elkarteak.