Martxoaren 28an ospatu zen osoko ohiko bilkuran, honako erabakia hartu zuen udalbatzak aho batez: hilerri berriko hilobi lote baten "esleipenerako eta kontratazio-espedientea izapidetzeko Usurbilgo Udaleko organoak duen ahalmena onartzea eta bere gain hartzea, zeharkako kudeaketa erregimenean, emakida administratiboaren jardunbidea martxan jarriaz". Horrekin batera, hilobi guztion "eskubideak emakida administratiboaren bidez esleitzeko jardunbidea arautuko duten klausula juridiko, ekonomiko eta administratibo bereziak" ere onartu zituen udalbatzak aho batez:
-Altzifrea kalea, 5 eskuina: hilobi bat.
-Altzifrea kalea, 5 ezkerra: bi hilobi.
-Altzifrea kalea, 13 ezkerra: 3 hilobi edo panteoi erdia.
-Sahatsa kalea, 3 eskuina: bi hilobi.
-Sahatsa kalea, 5 ezkerra: hilobi bat.
-Sahatsa kalea, 8 eskuina: 3 hilobi edo panteoi erdia.
-Makala kalea, 2: 6 hilobiko panteoi osoa.
-Makala kalea, 4: 6 hilobiko panteoi osoa.
-Makala kalea, 6: 6 hilobiko panteoi osoa.
-Makala kalea, 8: 6 hilobiko panteoi osoa.
Hilabete, eskaerak aurkezteko
Udalbatzak hartutako erabaki honen iragarkia astelehen honetan argitaratu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Deialdi honetan parte hartzeko 30 eguneko epea zabalduko da bihartik, apirilaren 25etik aurrera. Esleipen honetan parte hartzeko baldintzok bete beharko dira:
-Jatorriz Usurbilgoa izatea.
-Gutxienez 15 urtez Usurbilen erroldatua egotea.
-Usurbilen erroldaturik egotea hiltzeko momentuan.
Eskabideek esleitu beharreko hilobi kopurua gainditzen badute, esleipena zozketa bidez egingo da. "Baina eskabideak hilobiak baino gutxiago (edo berdinak) izanez gero, hilobien gaineko eskubideak, eskabideak Udal Erregistroan aurkeztutako hurrenkeraren arabera esleituko dira, eskabideetan inprimatuta dagoen erregistro zenbakia kontuan izanda", dio Udalak. Eskubideok gehienez 50 urteetarako esleituko dira.