Elkartea eta manifestua aurkeztu zuten martxoa hasieran, sinadura bilketari eta galdera adosteko prozesua abiatu zuten gero. Martxoaren 30ean adostu zuten galdera, Jarraipen eta Berme Batzordeak ere osatu eta aurkeztu zituzten apirila hasieran, baita galdera bera ere. "Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi al duzu?”. Maiatzaren 7an izango dute zubietarrek galdera honen gaineko iritzia emateko aukera, Zubiartean Elkartea antolatzen ari den herri galdeketan.
Hitzordu honetarako bi aste baino ez dira geratzen, eta aipatu Elkartetik berri eman dutenez, "Zubietan atzera kontuan sartu gara!" jada. Segidan dituzue azken txanpa honetarako finkatu dituzten hitzorduak. Aurrez bozkatzeko aukera izango da maiatzaren 3an.
Aste honi dagokionez; ostiralean, apirilak 28, galdeketarako grabatu duten "spot"-a aurkeztuko dute Kaxkapen. Larunbaterako Erabaki Fest jaialdia antolatu du Zubiartean Elkarteak Usurbilen, Herritzarturekin batera. Jaialdiaren baitan osatu nahi den mosaiko erraldoira joan asmo duten zubietarrek, Zubiartean Elkartekoei jakinaraztea eskatzen dute antolatzaileek. Beste ohar bat; maiatzaren 7ko galdeketa egunerako ekitaldiak antolatzen ari da Zubiartean. Besteak beste, herri bazkaria ospatuko da. Txartelak aurrez eskura ditzakezue Alamandegin. Honatx xehetasunak:
ZUBIETAKO HERRI GALDEKETA
Apirilak 28, ostirala
20:00 Ekitaldia Kaxkapen: "Helmugarik garrantzitsuena BIDEA denean” dokumentala proiektatuko dugu, Goierrin 2016ko ekainaren 5ean egin zen herri galdeketari buruzko dokumentala hain zuzen. Era berean, Zubietako herri galdeketari buruzko zuzeneko azalpenak emango dizkiegu herritarrei; eta azkenik, galdeketa babesteko herritarrekin batera grabatu dugun SPOTa aurkeztuko dugu. Ziur gaude galdeketa egunerako gogoak piztuko zaizkigula!".
Apirilak 29, larunbata
Egunean zehar, Erabaki Fest Usurbilen, Herritzartu eta Zubiartean elkarteek antolatuta:
12:00 Mosaiko erraldoia, Mikel Laboa plazatik abiatuta: "M7 erabaki" esaldia osatuko da. Hzki bat irudikatuko dute zubietarrek. "Parte hartzeko asmoa baduzu, jakinarazi mesedez Zubiartean elkarteko kideren bati, antolaketa lanetarako beharrezkoa baitzaigu zenbat izango garen jakitea".
Eguerdian, zikiro jana frontoian. Txartelak apirilaren 23ra arte salgai Artzabal, Irrati, Bordatxo, Aitzaga, Txiriboga eta Patri tabernetan. Prezioa: 23 euro. Langabetuek 15 euro. Haurrentzako paella 8 eurotan.
18:30 Elektrotxaranga.
Maiatzak 3, asteazkena
18:00-20:00 Galdeketarako bozka emateko aukera Zubietako elizako arkupeetan.
Maiatzak 7, igandea
09:00-20:00 Galdeketa eguna Zubietan. Bozkatzeko aukera Zubietako elizako arkupeetan.
Galderaren edukia: “Galdeketa honetan zubietar gisa erabakitzeko dugun eskubidea erabiltzen hastera goaz. Lehen pausoa izango da Euskal Herriko etorkizunaz erabaki ahal izatea. Horregatik... Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi al duzu?”
Bozkatzeko baldintzak Usurbilgo berak. Informazio gehiago hemen: maiatzaren 7an bozkatzeko baldintzak
Egunean zehar, ekitaldiak. Tartean, bazkari herrikoia: txartelak aurrez salgai maiatzaren 1era arte Alamandegin. 18 eurotan helduentzat eta 10 euroren truke haurrentzat.
Informazio gehiago:
zubiartean@gmail.com
Facebook: Zubiartean
Antolatzailea: Zubiartean.