Usurbildarrek hitza hartzeko bi aste baino ez dira geratzen. Bi aste baino ez, Herritzartu Elkarteak maiatzaren 7rako antolatu duen herri galdeketa ospatzeko. Prestaketa lanen azken txanpan da jada Herritzartu. Erabakitze eskubidearen aldeko mugimendutik helarazi diguten ondoko argazkia dugu, horren guztiaren erakusgarri. Arantzazu Ugarte Herritzartuko kidea duzue irudian, Xabier Arregi Usurbilgo Udaleko alkateari maiatzaren 7an herri galdeketa ospatuko dela jakinarazten. "Galdeketaren deialdi ofiziala egin dugu instantzia ofizialetan, baimenak eskatu dira Herrizaingo Sailean eta era berean udaletxeari jakinarazi zaio galdeketa maiatzaren 7an egingo dugula. Beraz, ofizialki kanpainan sartuta gaude", aditzera eman dute Herritzartutik.
Prestaketa lanak zertan diren ere azaldu dute. "Galdeketa eguneko zehaztasun guztiak lotuta daude, hautesguneen kokapena, mahaietan egongo diren herritarrak zozketa bidez aukeratuak, bozka aurreratuaren egutegia eta ordutegiak, dena martxa onean doa eta azken egunetako antolaketa lanak eta bilerak izango ditugu hurrengo egunetan", iragarri dute.
Maiatzaren 7ko herri galdeketak "gardentasuna, publizitatea, argitasuna, informazioa eskuratzeko aukera, batzorde sustatzailearen neutraltasuna, emaitzaren zilegitasuna, aniztasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, inklusioa, eraginkortasuna, datu pertsonalen babesa eta kontuak ematea" bermatuko dutela gaineratu dute. "Horretan, zorrotz aritu gara lanean ardura handiarekin", azpimarratu dute.
Aldez aurreko bozka ematea
Adi datozen deialdiei. Gogoan izan batetik, Erabaki Fest ospatuko dela larunbat honetan, apirilaren 29an. Tartean, "M7 erabaki" esaldia irudikatuko duen mosaiko erraldoia osatu nahi da herritarren laguntzaz. Bestalde, ostegun honetatik bertatik, aldez aurreko bozka emateko aukera izango da Herritzartuk Etxebeste kalean, Lizardi liburu denda eta Marije arropa dendaren artean duen egoitzan. Honatx xehetasunak:
USURBILGO HERRI GALDEKETA
Apirilak 29, larunbata
Erabaki Fest jaialdia egun osoan Kaxkoan, Herritzartu eta Zubiartean elkarteek antolatuta:
12:00 Mosaiko erraldoia, Mikel Laboa plazatik abiatuta: "M7 erabaki" esaldia osatuko da.
Eguerdian, zikiro jana frontoian. Txartelaksalgai Artzabal, Irrati, Bordatxo, Aitzaga, Txiriboga eta Patri tabernetan. Prezioa: 23 euro. Langabetuek 15 euro. Haurrentzako paella 8 eurotan.
18:30 Elektrotxaranga.
Apirilak 27-28 eta maiatzak 2-6
Herri kontsultarako aurrez bozkatzeko aukera Herritzartuk Etxebeste kalean duen egoitzan. Ordutegiak:
-Apirilak 27, 18:00-20:00.
-Apirilak 28, 19:00-21:00.
-Maiatzak 2, 18:00-20:00.
-Maiatzak 3, 11:00-13:00/18:00-20:00.
-Maiatzak 4, 18:00-20:00.
-Maiatzak 5, 19:00-21:00.
-Maiatzak 6, 11:00-14:00.
Maiatzak 7, igandea
09:00-20:00 Galdeketa Usurbilen.
Galdera: "Nahi al duzu Euskal Herria estatu independentea izatea?".
Bozkatzeko baldintzei buruzko informazioa: maiatzaren 7an bozkatzeko baldintzak
Bozka lekuak:
-Kaxkoan: Kontseju zaharra kalea etxe atarian.
-Kalezarren: Haur Eskola eta Ugarte baserri ondoko markesina parean.
-Santuenean: Ibai Ondo elkarte ondoko plazan.
-Aginagan: apaiz-etxean.
Informazio gehiago:
usurbilgureeskudago@gmail.com
Facebook: Gure Esku Dago Usurbil Twitter: @GureEskuDagoU
Antolatzailea: Herritzartu Elkartea.