Gaixo diren presoen kaleratzea eta diru-laguntzak hizpide, Udalaren gaurko osoko ohiko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 25a, 07:55

Euskal preso gaixoen gaia eramango du Usurbilgo EHBilduk, astearte honetarako, arratsaldeko 18:00etan Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan deitua dagoen osoko ohiko bilkurara. Gaixo diren presoak aske uztea eskatzeko indarrean den legedia aintzakotzat hartzea eskatzen du, udal gobernu taldeak gaurko hitzorduan aurkeztuko duen adierazpen instituzionalak. 

Kezkagarria eta oso larria da bereziki, euskal presoetako baten, eta aipatu adierazpenak nabarmentzen duen Oier Gomez gasteiztarraren osasun egoera. Ugaritzen doaz urtarrilaz geroztik Parisko Piite-Salpetriere ospitalean larriki gaixo dago (Ewing sarkoma du). Bere espetxe zigorra eteteko eginiko eskaera aztertu zuten atzo epaileek. Eskaera onartu zuten epaileek. Halere momentuz ez dute aske utziko. Asteazkenean, bere aurka dauden hiru euroaginduak aztertuko dituzte eta baliteke egun horretan bertan jakitea Gomez aske utziko duten edo ez. Bere askatasuna exijitzeko hainbat mobilizazio deitu ditu egun horretarako Sarek Gasteizen eta Bagoaz mugimenduak Baionan. Maiatzaren 6rako ere Sare mugimenduak manifestazioa deitu du Gasteizen (17:30etan Iparralde gizarte-etxetik) larriki gaixo dauden euskal presoen etxeratzea exijitzeko.

Diru-laguntzak

Hurrengo bi urteetarako, 2019ra arteko diru-laguntzen plan estrategikoaz ariko dira udal ordezkariak saio berean. Hasieraz onartu edo ez erabaki beharko dute. Diru kontu gehiago ere ahotan hartuko dituzte. Honatx astearte honetako osoko bilkuran, udal ordezkariek jorratuko duten gai zerrenda osoa:

Osoko ohiko bilkura

Eguna: apirilak 25, asteartea.

Ordua: 18:00.

Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.

Gai zerrenda:

1-Aurreko bilkurako aktaren onespena:

-2017/03/28ko bilkura.

2-Alkatetzako Dekretu hauen berri ematea: 2017ko martxoaren 2otik apirilaren 7ra (2017/0264-2017/0353).

3-2017/0375 dekretuaren berri ematea.

4-Diru-laguntzen Plan Estrategikoa (2017-2019).

5-Berri ematea: 2017/90001 kreditu txertakuntza.

6-Epaiketaz kanpoko kredituak onartzea.

7-EHBilduk aurkeztutako Adierazpen Instituzionala: larriki gaixorik dauden presoen eskubideak.

8-Galdera-eskaerak.