Maliko haurrak laguntzea helburu duen elkartasun ekimen berria abiatu dute Ziortza Gazte Elkarteko LH 5 eta LH6 mailetako taldeek; eskolako materialez goraino bete nahi duten "estutxe solidarioa". Artzabalen, Oiardo Kiroldegian eta Sutegi udal liburutegian eskola materiala biltzeko kaxak jarri dituzte. Maiatzaren 6ra arte egin ditzakezue zuen ekarpenak; arkatzak, boligrafoak, koadernoak, borragomak, erregelak, errotulagailuak, plastidekorrak... Eskola material oro ongietorria izango da. "Proiektu honen helburua, Maliko umeei eskolako materiala bidaltzea da; beraiek ez dutelako edo hau lortzea oso zaila egiten zaielako", berri eman dute Ziortza Gazte Elkartetik.
Maiatzaren 6ra arte luzatuko dute elkartasun kanpaina. Egun horretan frontoi inguruan ere materiala biltzen ariko dira. Gainera, hilaren 6an bertan, eguerdiko 12:30etan hasita Potxoenean, jada prestatzen hasiak diren ikuskizun bat eskainiko dute Ziortzakoek. Emanaldirako sarrera ez da diruz ordaindu beharko, eskola materialarekin baizik.
Kanpaldiko txandak prest
Elkartasun ekimen honekin batera, udako kanpaldia antolatzeko lan betean da Ziortza Gazte Elkartea. Sare sozialen bidez berri eman dutenez, aurtengoan 3 txanda antolatu dituzte. Epeak ere finkatu dituzte jada:
- 1.Txanda (DBH 1-2): uztailaren 3tik 12ra.
- 2.Txanda (DBH 3-4): uztailaren 12tik 21era.
- 3.Txanda (LH 5-6): uztailaren 21etik 28ra.
Kanpaldirako matrikulazio epearen berri aurrerago ematekotan dira.
Informazio gehiago:
ziortzage@gmail.com
Twitter: @ziortzage
Facebook: Ziortza Gazte Elkartea