Oier Gomez gasteiztarra eta larriki gaixo diren gainerako euskal presoak aske uzteko indarrean dagoen legedia aintzakotzat hartzea galdegin die Usurbilgo Udalak gai honetan eskumena duten frantziar agintariei, astearte arratsalde honetan egin duten osoko ohiko bilkuran. Eskaera hau biltzen duen adierazpen instituzionala onartu du udalbatzak aho batez.
Gainerakoan, diru kontuak izan dituzte hizpide nagusien artean. Batetik, 2017-2019 urtera arteko diru-laguntzen Plan Estrategikoa hasieraz onartu dute aho batez. Egitasmo honek, aipatu epealdirako diru-laguntza programa eta lerro guztiak biltzen ditu. Orain, erreklamazioak aurkezteko 30 eguneko epea zabalduko da.
Ekonomia gaiei loturiko beste bi kontu. Batetik, 2016an kontabilizatu ezin izan ziren hondakinen bilketa eta tratamenduaren zerbitzuei loturiko 4 kreditu 2017ko aurrekontuei egozteko erabakia hartu du Udalak gehiengo osoz, EHBildu eta PSEren udal ordezkarien aldeko babesarekin. EAJ-PNVko udal ordezkariak abstenitu dira. Bestetik, Usurbilgo Udalako kontu-hartzaileak eginiko txostenak berri eman duenez, 2017ko kreditu aldaketaren onarpen espedienteak finantza iraunkortasunaren helburua betetzen du, ez aldiz aurrekontuaren egonkortasuna. Egoera honen berri eman dute gaurko osoko bilkuran.
Bozketen emaitza
-Diru-laguntzen Plan Estrategikoa (2017-2019). Bozketa: aho batez onartua.
-Epaiketaz kanpoko kredituak onartzea. Bozketa: EHBildu, PSE alde. Abstentzioa: EAJ-PNV.
-EHBilduk aurkeztutako Adierazpen Instituzionala: larriki gaixorik dauden presoen eskubideak. Bozketa: aho batez onartua.