Oier Gomez eta larriki gaixo diren presoen inguruko adierazpena onartu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 26a, 11:38

Aho batez onartu zuten aipatu adierazpen instituzionala EHBildu, EAJ eta PSE udal taldeek, astearte arratsaldean egin zen osoko ohiko bilkuran. Bi puntuko testuan, batetik, Oier Gomez eta larriki gaixo dauden euskal presoak aske uzteko indarrean den legedia aintzakotzat hartzea eskatzen zaie eskumena duten frantziar agintariei. Bestalde, udalbatzak erabateko adostasunez hartutako erabaki hau "helaraziko dio Oier Gomez Mielgoren kartzela egoerari buruz erabaki behar duten epaitegiari, bai eta Frantziako Justizia Ministerioari ere, Gomez haren jurisdikziopean eta babespean baitago".

Aske

Kezkagarria eta oso larria da Oier Gomez gasteiztarraren osasun egoera. Ugaritzen doaz urtarrilaz geroztik, Ewing sarkomarekin Parisko Piite-Salpetriere ospitalean larriki gaixo dagoen presoa aske uztea eskatzeko ekimenak.

Bere espetxe zigorra eteteko eginiko eskaera onartu zuen astelehenean Pariseko auzitegiek (aurretikakoa da, Usurbilgo Udalak atzo onartu zuen adierazpenaren edukia). Asteazken honetan, bere aurkako  hiru euroaginduak aztertu dituzte eta euroaginduok ere bertan behera utzi dituzte. Honenbestez, datozen orduotan presoentzako modulutik ospitaleko ohiko plantara eramango dute Oier Gomez. Bere askatasuna exijitzeko hainbat mobilizazio deitu ditu gaurko Sarek Gasteizen eta Bagoaz mugimenduak Baionan. Maiatzaren 6rako ere Sare mugimenduak manifestazioa deitu du Gasteizen (17:30etan Iparralde gizarte-etxetik) larriki gaixo dauden euskal presoen etxeratzea exijitzeko.

Elkarretaratzea ostiralean

Gogoan izan, ate joka dugula apirileko azken ostirala. Hilero moduan, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak ostiralerako, apirilak 28, 20:00etan hasita Mikel Laboa plazan.