Ostegun honetan, apirilaren 27an gaueko 21:30etan hasita Bilboko Kafe Antzokian ospatuko den ekitaldian erabakiko da, Gaztearen 26. Maketa Lehiaketako irabazlea. Bost finalisten artean hautatuko dute talde onena. Eta hautagaien artean usurbildarrak ditugu, Odolaren Mintzoa taldeko kideak; Luken Arkarazo (ahotsa eta gitarra), Beñat Txueka (gitarra), Joanes Txueka (baxua eta koroak) eta Jokin Irastorza (bateria).
Txapelketako epaimahaiak berak hautatu zuen talde usurbildarra Maketa Lehiaketako finalean lehiatzeko, Empty Files (Bilbo) eta Eneritz Furyak (Irun) taldeekin batera. Haiekin batera lehiaketako azken faserako sailkatu dira baita, entzuleen bozka gehien jaso dituzten Passepartout (Azkoitia) eta Huts (Trapagaran) taldeak ere.
Gaztea irrati katetik berri eman dutenez, osteguneko finala ikusteko sarrera doakoa izango da. Bertaratu ezin duenak, ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izango du, helbide honetatik: http://www.eitb.eus/eu/gaztea/maketa-lehiaketa/
3 sari jokoan
Apirilaren 27ko finalean hiru saritu banatuko dira. Epaimahaiak 5.000 euroko sari bat banatuko du eta BBK Live jaialdian kontzertua eskaintzeko aukera. Entzuleen Saria jasoko duenak, GazteBizHitzaren eskutik, 2.500 euro irabaziko ditu. Eta Kafe Antzokiak berak, finalean ondoen moldatzen den taldeari 500 euroko saria emango dio.
"Gizalegea"
Hala izena du, Gaztearen Maketa Lehiaketara aurkeztu eta txapelketako azken faserako sailkatu den Odolaren Mintzoa taldeko abestiak. Gaztearen atarian entzungai duzue. Honela aurkeztu dute talde usurbildarra, web orrialde berean.
"Odolaren Mintzoa Usurbilgo lau gaztek osatzen dugu; Luken Arkarazo (ahotsa eta gitarra), Beñat Txueka (gitarra), Joanes Txueka (baxua eta koroak) eta Jokin Irastorza (bateria). Duela bederatzi urte inguru hasi ginen elkarrekin entseatzen. Hasiera batean hainbat talderen bertsioak jotzen genituen eta ondoren gure kantak sortzen hasi ginen. Hortik denbora batera maketa bat egin genuen eta kaleratu dugun azken lana Odolaren Mintzoa izeneko CDa izan da. Ordutik, abestiak sortzen eta aukerak bilatzen gabiltza eta gure estiloa definitzea asko gustatzen ez zaigun arren, rock-aren eremu zabalaren barnean mugitzen gara, gitarra indartsu eta ahots doinu melodikoen arteko orekan oinarrituz. Horretaz gain, bi bideoklip ere plazaratu ditugu...".