Euskararen eta hitanoaren kale erabilerari loturiko azterketen berri, 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 27a, 10:42

Soziolinguistika Klusterrak lauzpabost urtean behin egin ohi duen euskararen kale erabileraren neurketa datu berriak bildu zituen 2016an Usurbilgo Udalarentzat. Aurkezteko prest ditu jada. Udalak ostegun honetan, apirilaren 27an 18:00etan Potxoenean deitu duen ekitaldian plazaratuko ditu. Oraingoan gainera, euskararen kale erabilera neurtzeaz gain, hitanoaren erabilera ere aztertu zuen iaz Soziolinguistika Klusterrak. Adin tartearen arabera, generoaren ikuspegitik edota zonaldekako datuak ere eskainiko ditu aurkezpen ekitaldia bideratuko duen Soziolinguistika Klusterreko teknikari Olatz Altuna usurbildarrak. Aurreko neurketaldiko datuekin alderatzeko modua ere izango da.

Hainbat galdera erantzungo ditu

Galdera bati baino gehiagori erantzuna emango die Soziolinguistika Klusterraren azterketak, labetik ateratzear dituzten datu berriei esker:

-Zenbatekoa da euskararen erabilera kalean entzuten ditugun elkarrizketetan? Duela bost urte baino gehiago ala gutxiago entzuten da euskara gure kaleetan?

-Zenbat erabiltzen da hitanoa Usurbilen?

-Haurren, gazteen eta nagusiagoen artean erabilera zenbatekoa da?

-Gizonezkoen eta emakumezkoen hizkuntza-portaeren artean ba al dago alderik? 

-Zenbat hitz egiten da euskaraz erdigunean? Zenbat Santuenean edo Zubietan? Eta Aginagan?

Gorantz azken hamarkadan

Duela bost urte egin zuten euskararen kale erabileraren inguruko azken neurketa. 2012ko udazkenean aurkeztu arren, 2011koak ditugu azken datuak. Aurreko neurketekin alderatuta, euskararen erabilerak gorantz egin zuela ondorioztatu zuten. Halere, 2011n oraindik euskararen ezagutza maila altuagoa zen erabilera bera baino. Edozein kasutan, aipatu moduan, gorantz egin du azken hamarkadan euskararen erabilerak Usurbilen. Ikusi bestela, Soziolinguistika Klusterrak eginiko euskararen kale erabilerari loturiko aurreko neurketen ehunekoak:

2001:%54,4

2006:%57

2011:%61,9

2016: ??