Maiatzaren 7ko galdeketarako aldez aurreko bozka emateko aukera gaurtik, Herritzarturen egoitzan

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 27a, 11:43

Usurbildarrek hitza hartzen hasteko aukera dute gaurtik. Herritzartuk maiatzaren 7rako antolatua duen herri galdeketan parte hartzeko epea zabalduko da ostegun honetan. Gerturatu gaur 18:00-20:00 artean edo ostiralean 19:00-21:00 artean, Herritzartuk Etxebeste kalean (Lizardi liburu dendaren eta Marije arropa dendaren artean) duen egoitzara eta hartu hitza.

Etxez etxe Herritzartu banatzen aritu den bozka paper eta gutunazalekin erantzun diezaiokezue, kontsultarako proposatu den "Nahi al duzu Euskal Herria estatu independentea izatea?" galderari. Bestela, Etxebeste kaleko bozkalekuan bertan izango dituzue baita bozkatzeko beharrezko baliabideak. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, argibide gehiago Etxebeste kaleko lokalean bertan eskainiko dituzte. "Bozkalekura etortzeko arazoren bat izango bazenu, jar zaitez gurekin harremanetan maiatzaren 7a bitartean, 634 445 512 telefono zenbakian". 

Bozkatzeko baldintzak

-16 urte beteak izan eta Usurbilen erroldatua egotea.

-Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

A-Espainiako Estatuak herritartzat jotzen dituen pertsonek, ondorengo identifikazio dokumenturen bat aurkeztu behar dute: Espainiako Nortasun Agiri Nazionala (NAN); EHNA+2017 errolda agiria; gidabaimena+2017ko errolda agiria; edo pasaportea.

B-Espainiako Estatuak herritartzat jotzen ez dituen pertsonek, ondorengo identifikazio dokumenturen bat aurkeztu behar dute: bizileku txartela (Europar Batasuneko kide ez diren Estatuetako herritarren kasuan); jatorrizko Estatuak jaulkitako nortasun txartela edo pasaportea; nortasun txartela edo agiria; edo gidabaimena+2017ko errolda agiria.

Norbere identifikazio dokumentuarekin batera, derrigorrez aurkeztu beharko da 2017ko errolda agiria kasuotan: identifikazio dokumentua iraungita badago edo identifikazio dokumentuan ageri den helbidea ez bada Usurbilgo udalerrikoa.

DATOZEN DEIALDIAK

Apirilak 27-28 eta maiatzak 2-6

Herri kontsultarako aurrez bozkatzeko aukera Herritzartuk Etxebeste kalean duen egoitzan. Ordutegiak:

-Apirilak 27, 18:00-20:00.

-Apirilak 28, 19:00-21:00.

-Maiatzak 2, 18:00-20:00.

-Maiatzak 3, 11:00-13:00/18:00-20:00.

-Maiatzak 4, 18:00-20:00.

-Maiatzak 5, 19:00-21:00.

-Maiatzak 6, 11:00-14:00.

Apirilak 29, larunbata

Erabaki Fest jaialdia egun osoan Kaxkoan, Herritzartu eta Zubiartean elkarteek antolatuta:

12:00 Mosaiko erraldoia, Mikel Laboa plazatik abiatuta: "M7 erabaki" esaldia osatuko da.

Eguerdian, zikiro jana frontoian. Txartelak salgai Artzabal, Irrati, Bordatxo, Aitzaga, Txiriboga eta Patri tabernetan. Prezioa: 23 euro. Langabetuek 15 euro. Haurrentzako paella 8 eurotan.

18:30 Elektrotxaranga.

Maiatzak 7, igandea

09:00-20:00 Galdeketa Usurbilen.  

Galdera: "Nahi al duzu Euskal Herria estatu independentea izatea?".

Bozkatzeko baldintzei buruzko informazioa: maiatzaren 7an bozkatzeko baldintzak

Bozka lekuak:

-Kaxkoan: Kontseju zaharra kalea etxe atarian.

-Kalezarren: Haur Eskola eta Ugarte baserri ondoko markesina parean.

-Santuenean: Ibai Ondo elkarte ondoko plazan.

-Aginagan: apaiz-etxean.

Informazio gehiago:

usurbilgureeskudago@gmail.com

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil
Twitter: @GureEskuDagoU

Antolatzailea: Herritzartu Elkartea.