Zubiartean Elkarteak maiatzaren 3rako finkatu du, aldez aurreko bozka emateko hitzordua

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 27a, 11:04

Ondoko irudian duzuen arkupean hartu ahalko dute hitza zubietarrek, Zubiartean Elkarteak maiatzaren 7rako antolatu duen herri galdeketan. Erabakitze eskubidea gauzatzea ahalbidetuko duen hitzordu honetan parte hartu ezin duenak, aurrez bozkatzeko aukera izango du; maiatzaren 3an, gune horretan bertan, Zubietako elizako arkupean, 18:00-20:00 artean. "Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi al duzu?”, galdera honen gaineko iritzia emateko aukera izango dute zubietarrek.

Bozkatzeko baldintzak

-16 urte beteak izan eta Usurbilen erroldatua egotea.

-Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

A-Espainiako Estatuak herritartzat jotzen dituen pertsonek, ondorengo identifikazio dokumenturen bat aurkeztu behar dute: Espainiako Nortasun Agiri Nazionala (NAN); EHNA+2017 errolda agiria; gidabaimena+2017ko errolda agiria; edo pasaportea.

B-Espainiako Estatuak herritartzat jotzen ez dituen pertsonek, ondorengo identifikazio dokumenturen bat aurkeztu behar dute: bizileku txartela (Europar Batasuneko kide ez diren Estatuetako herritarren kasuan); jatorrizko Estatuak jaulkitako nortasun txartela edo pasaportea; nortasun txartela edo agiria; edo gidabaimena+2017ko errolda agiria.

Norbere identifikazio dokumentuarekin batera, derrigorrez aurkeztu beharko da 2017ko errolda agiria kasuotan: identifikazio dokumentua iraungita badago edo identifikazio dokumentuan ageri den helbidea ez bada Usurbilgo udalerrikoa.

Datozen deialdiak

Apirilaren 28ra arte

Galdeketa egunerako bolondresak behar ditu Zubiartean Elkarteak. Izen emateko aukera, Alamandegi eta Barazar tabernetako zerrendetan.

Apirilak 28, ostirala

20:00 Ekitaldia Kaxkapen: "Helmugarik garrantzitsuena BIDEA denean” dokumentala proiektatuko dugu, Goierrin 2016ko ekainaren 5ean egin zen herri galdeketari buruzko dokumentala hain zuzen. Era berean, Zubietako herri galdeketari buruzko zuzeneko azalpenak emango dizkiegu herritarrei; eta azkenik, galdeketa babesteko herritarrekin batera grabatu dugun SPOTa aurkeztuko dugu. Ziur gaude galdeketa egunerako gogoak piztuko zaizkigula!".

Apirilak 29, larunbata

Egunean zehar, Erabaki Fest Usurbilen, Herritzartu eta Zubiartean elkarteek antolatuta:

12:00 Mosaiko erraldoia, Mikel Laboa plazatik abiatuta: "M7 erabaki" esaldia osatuko da. Hzki bat irudikatuko dute zubietarrek. "Parte hartzeko asmoa baduzu, jakinarazi mesedez Zubiartean elkarteko kideren bati, antolaketa lanetarako beharrezkoa baitzaigu zenbat izango garen jakitea".

Eguerdian, zikiro jana frontoian. Txartelak apirilaren 23ra arte salgai Artzabal, Irrati, Bordatxo, Aitzaga, Txiriboga eta Patri tabernetan. Prezioa: 23 euro. Langabetuek 15 euro. Haurrentzako paella 8 eurotan.

18:30 Elektrotxaranga.

Maiatzak 3, asteazkena

18:00-20:00 Galdeketarako bozka emateko aukera Zubietako elizako arkupeetan.

Maiatzak 7, igandea

09:00-20:00 Galdeketa eguna Zubietan. Bozkatzeko aukera Zubietako elizako arkupeetan.  

Galderaren edukia: “Galdeketa honetan zubietar gisa erabakitzeko dugun eskubidea erabiltzen hastera goaz. Lehen pausoa izango da Euskal Herriko etorkizunaz erabaki ahal izatea. Horregatik... Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi al duzu?”

Bozkatzeko baldintzak Usurbilgo berak. Informazio gehiago hemen: maiatzaren 7an bozkatzeko baldintzak

Egunean zehar, ekitaldiak. Tartean, bazkari herrikoia: txartelak aurrez salgai maiatzaren 1era arte Alamandegin. 18 eurotan helduentzat eta 10 euroren truke haurrentzat.

Informazio gehiago:

zubiartean@gmail.com

Facebook: Zubiartean

Antolatzailea: Zubiartean.