Hurbilagoko dendariek ere parte hartuko dute, denboraldiko azken Bizi Kalea ekimenean

Noaua Aldizkaria 2017ko api. 27a, 13:54

Herritarren artean harrera ezinhobea izan duen Hurbilago Elkartearen Bizi Kalea ekimenaren estreinako denboraldia amaitzear da. Denetariko osagaiak izan dituen gune gastronomiko eta ibiltariaren azken hitzordua, maiatzaren 7rako finkatu dute antolatzaileek, Askatasuna plazan. Hurbilagoko kide diren tabernarien elkarlana erdigunean jarri ohi duen azokak, jan edana edota musika dakar aurreko edizioen antzera. 

Baina baita osagai berriak ere. Bizi Kalearen edizio bakoitza bakarra eta ezberdina izan ohi da, eta bidean datorrena ere ez da salbuespena izango. Hurbilago Elkarteko tabernariei dendariak batuko zaizkie oraingoan. Ondoko irudian dituzuen saltokietako langileek dendako eskaintza Askatasuna plazara aterako dute maiatzaren 7an. Bertaratzen denak erosketak egin ahalko ditu; adi, %10 merkeago, Usurbilgo txanpona baliatzen baduzue.

Eta erosketak egitearen truke gainera, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan xahutu ahalko duzuen 150 euroko erosketa balearen zozketan parte hartu ahalko duzue. Denboraldiko azken Bizi Kalean bat ez, bi erosketa bale zozketatuko dituzte honenbestez. Bat, aipatu moduan, dendarien postuetan erosketak egiten dituztenen artean, eta bigarrena, jan edana dastatzeko 2 euroko txartelak erosten dituzuenon artean.

Argazkien erakusketa

Berrikuntza gehiago. Pasa den udazkenean antolatu zuten Hurbilagoren Argazki Lehiaketara aurkeztu ziren lanak ere ikusgai jarriko dituzte maiatzaren 7an, Askatasuna plazan. Biharamunetik aurrera, Sutegiko aretoan jarriko dituzte erakusgai.

Txikientzako eskaintza ere ez da faltako; batetik, Txirinbolo dendaren eskutik, tailerrak izango dira. Usurbilgo Erraldoi eta Burunandien Konpartsak berriz, buruhandiak aterako ditu plazara. 

Azken Bizi Kalea

Eguna: maiatzak 7, igandea.

Ordutegia: 11:00-15:00.

Tokia: Askatasuna plaza.

Egitaraua:

-Jan edana.

-Musika.

-Zozketak: 150 euroko bi erosketa baleren zozketa. Bat jan edana dastatzen dutenen artean, bestea dendarien postuetan erosketak egiten dituztenen artean.

-Buruhandiak.

-Haurrentzako tailerrak.

-Hurbilagoren Argazki Lehiaketako irudiak ikusgai (Bizi Kalearen ostean, Sutegin jarriko dituzte erakusgai).

-Hurbilago Elkarteko hainbat dendariren postuak. Usurbilgo txanpona baliatuta, erosketak %10 merkeago egiteko aukera.

Antolatzailea: Hurbilago Elkartea.