Txokoaldeko garai bateko tren geltokiko eraikinean, etorkizunean kultur proiektu berritzaileak sustatu nahi ditu Usurbilgo Udalak. Horretarako egitasmoak aurkezteko deia egin zuen urte hasieran. Deialdi hartara Oreka Tx taldeak "Geltoki" proiektua aurkeztu zuen. Lehiaketa irabazi duena. Tren geltokia, Txokoaldeko Txalaparta Txokoan bilakatu dute.
Maiatzaren 5ean ezagutuko ahalko dugu gunea eta sustatu nahi dituzten proiektuak. "Gure irizpidea, publikoa gerturatzetik haratago doa, sormen prozesuan parte hartzea proposatzen dugu sortzaile eta errezeptorearen arteko sinergia indartuz. Helburu honekin, gure kultura eta euskara sustatzea dugu lan egiteko bulkada nagusiena", dio Oreka Tx taldekoen egitasmoak. Garatu nahi duten proiektuak lau ardatz nagusi izango ditu:
-Txalapartarien txokoa: txalapartariak entseguetarako edo lan ezberdinak prestatzeko, elkartzeko gune irekia izango da. "Material ugari dugu (egurra, harriak, banbuak, toberak, bidoiak, zeramika, teilak etab) gure ibilbidean landu eta aztertu ditugunak".
-Sorkuntza prozesuak: "Gure taldeak burutzen dituen proiektuetan, sorkuntza prozesu multi- disziplinar ezberdinak azaltzea eta ikusgai jartzea du helburu. Txokoalden, sorkuntza prozesuan zehar burutzen ditugun entseguak, topaketak, eraikuntzak, tailerra, etab ezagutzea eskainiko luke".
-Bisita gidatuak: Usurbilgo Udalak, 60. hamarkadako kulturgintza eta sorkuntza garaikidearekin lotutako ondarea ezagutzeko martxan jarritako ibilbide turistikoen baitan, "Txokoalden, txalapartaren iragana azalduko dugu, hastapenak, instrumentuaren garapena, baita gaur egun bizi duen hedapena eta musika estilo ezberdinekin duen lotura ere".
-Txokoaldetik haratago...: "Geltoki" proiektua jendarteratuko dute herriko eragile eta erakundeen artean.
Irekiera
Eguna: maiatzak 5, ostirala.
Ordua: 18:30.
Tokia: Txokoaldeko tren geltoki ohia.
Egitaraua:
18:30 Proiektuaren aurkezpena: Txokoalden burutuko den lana zein izango den eta herritarrentzat zer egongo den ikusgai eta erabilgarri azaltzea.
19:00 Kontzertu formatuan entsegu irekia, publikoaren parte hartzeari irekia.
Bukatzeko, lunTX TXiki bat izango da.
Zehaztasunak: "Usurbilgo Udalak Txokoaldeko tren Geltokiaren eraikinean Kultur Proiektu Berritzaileak garatzeko ideia lehiaketa jarri zuen martxan. Lehiaketaren emaitza izan da TXTXTX (Txokoaldeko Txalaparta Txokoa) eta maiatzaren 5ean eraikinean bertan proiektua ezagutzeko aukera izango dugu Oreka TX taldekideen eskutik. Herritarrak eta bereiziki Txokoaldeko bizilagunak gonbidatu nahi ditugu, auzotar berrien eskutik bertan garatuko den proiektua ezagutzera".