Zubietarrek hitza hartzeko 9 egun baino ez. Dagoeneko maiatzaren 7ko galdeketa antolatzeko lanen azken fasean da Zubiartean Elkartea. Girotzen hasteko, ekitaldia deitu du herritarren bilgune honek, ostiral honetarako, apirilak 28, 20:00etan Kaxkape egoitzan.
Goierrin iazko ekainaren 5eko galdeketaren inguruan grabatu zuten dokumentala proiektatu eta zubietarrek datorren herri kontsultari begira grabatu duten iragarkia aurkeztuko dute. Eta adi, hitzordu garrantzitsu honi begirako argibideak ere eskainiko baitituzte. Egon daitezkeen zalantzak argitzeko ekitaldi aproposa beraz gaurkoa.
Bolondres beharrean
Zubiartean Elkarteak sare sozialen bidez zabaldu duen ondoko irudiak argi uzten duen moduan, zubietarrek ere prest dituzte bozka paper eta gutunazalak. Etxez etxe banatu dituzte jada. "Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi al duzu?" galderaren gaineko iritzia eman ahalko dute maiatzaren 7an.
Ez ahaztu bestalde laguntzaileak behar dituela Zubiartean Elkarteak galdeketa egunerako. Izen emateko azken eguna duzue gaurkoa. Honatx xehetasunak:
ZUBIETAKO HERRI GALDEKETA
Apirilaren 28ra arte
Galdeketa egunerako bolondresak behar ditu Zubiartean Elkarteak. Izen emateko aukera, Alamandegi eta Barazar tabernetako zerrendetan.
Apirilak 28, ostirala
20:00 Ekitaldia Kaxkapen: "Helmugarik garrantzitsuena BIDEA denean” dokumentala proiektatuko dugu, Goierrin 2016ko ekainaren 5ean egin zen herri galdeketari buruzko dokumentala hain zuzen. Era berean, Zubietako herri galdeketari buruzko zuzeneko azalpenak emango dizkiegu herritarrei; eta azkenik, galdeketa babesteko herritarrekin batera grabatu dugun SPOTa aurkeztuko dugu. Ziur gaude galdeketa egunerako gogoak piztuko zaizkigula!".
Apirilak 29, larunbata
Egunean zehar, Erabaki Fest Usurbilen, Herritzartu eta Zubiartean elkarteek antolatuta:
12:00 Mosaiko erraldoia, Mikel Laboa plazatik abiatuta: "M7 erabaki" esaldia osatuko da. Hzki bat irudikatuko dute zubietarrek. "Parte hartzeko asmoa baduzu, jakinarazi mesedez Zubiartean elkarteko kideren bati, antolaketa lanetarako beharrezkoa baitzaigu zenbat izango garen jakitea".
Eguerdian, zikiro jana frontoian. Txartelak apirilaren 23ra arte salgai Artzabal, Irrati, Bordatxo, Aitzaga, Txiriboga eta Patri tabernetan. Prezioa: 23 euro. Langabetuek 15 euro. Haurrentzako paella 8 eurotan.
18:30 Elektrotxaranga.
Maiatzak 3, asteazkena
18:00-20:00 Galdeketarako bozka emateko aukera Zubietako elizako arkupeetan.
Maiatzak 7, igandea
09:00-20:00 Galdeketa eguna Zubietan. Bozkatzeko aukera Zubietako elizako arkupeetan.
Galderaren edukia: “Galdeketa honetan zubietar gisa erabakitzeko dugun eskubidea erabiltzen hastera goaz. Lehen pausoa izango da Euskal Herriko etorkizunaz erabaki ahal izatea. Horregatik... Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi al duzu?”
Bozkatzeko baldintzak Usurbilgo berak. Informazio gehiago hemen: maiatzaren 7an bozkatzeko baldintzak
Egunean zehar, ekitaldiak. Tartean, bazkari herrikoia: txartelak aurrez salgai maiatzaren 1era arte Alamandegin. 18 eurotan helduentzat eta 10 euroren truke haurrentzat.
Informazio gehiago:
zubiartean@gmail.com
Facebook: Zubiartean
663 584 130
Antolatzailea: Zubiartean.