Odolaren Mintzoak eskura izan du lehiaketako sari nagusia, azkenean ordea Empty Files talde bilbotarrak irabazi du Gaztearen 26. Maketa Lehiaketa. Talde usurbildarra ere izan zitekeen irabazlea halere, ekimeneko epaimahaiaren esanetan, txapelduna hautatzen lan zaila izan baitzuten bart, Bilboko Kafe Antzokian ospatu zen final handian. Maila handiko musikariak lehiatu direla aitortu zuten. Zaletuek goraino bete zuten aretoa. "Betiko lez, oholtza izerdiz blai utzi genuen! Laster izango duzue gure berri!!!!", adierazi du Odolaren Mintzoa taldeak, sare sozialen bidez. Honatx talde usurbildarrak atzo eskainitako emanaldia: Odolaren Mintzoa, Gaztearen Maketa Lehiaketako finalean
Bost ziren finalistak; Empty Files (Bilbo), Eneritz Furya (Irun), Passepartout (Azkoitia), Huts (Trapagaran) eta Odolaren Mintzoa talde usurbildarra. Hauetatik hiru izan dira talde sarituak:
-Maketa Lehiaketako irabazlea: Bilboko Empty Files. Sariak: 5.000 euro eta Bilbao BBK Live jaialdian parte hartzeko aukera.
-Entzuleen Saria: Azkoitiko Passepartout. Saria: 2.500 euro.
-Bilboko Kafe Antzokiaren saria: Irungo Eneritz Furya. Saria: 500 euro.