Urte hasieran Picassent espetxean duen alaba Olatz Lasagabaster bisitatu eta biloba sortu berria, Xua, ezagutzeko 600 kilometroko bidaia egin behar izan zuen beste behin, Valentziaraino. Han gaizki sentitu eta ospitaleratu behar izan zuten. Hilabete pasatxo igaro zuen ZIU-n lehenik eta plantan gero. Martxoa hasieran Donostiako ospitalera ekarri zuten eta hilabete amaieran etxeratu zen. Sendatuta, gaur itzuli da Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituriko azken ostiraleko hileroko elkarretaratzera.
Olatzen amak, usurbildarren harrera beroa jaso du, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko mobilizazioan. "Hiru hilabete luzeren ondoren, gure artean dugu berriro Mari Karmen. Eta esan nahi diogu, ongi etorri gure artera berriro!", adierazi diete Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik elkarretaratzera bertaraturikoen izenean eta Mikel Laboa plazan bildutakoen txalo artean Anzari. Hunkituta, lore sorta eder bat jaso du Mari Karmenek, eta hitza hartu nahi izan du. Hilabeteotan jasotako elkartasun eta berotasunagatik bihotzez eskertu du Usurbilgo herria. Ez hori bakarrik. Jasotako babesa eskertzeko pintxo batzuk prestatu eta dastatzeko aukera eskaini die bertaraturikoei.
Mobilizazioak bigarren protagonista bat ere izan du gaurkoan. Mari Karmenen alaba; Olatz Lasagabaster. Urteak betetzear dituen honetan, Picassentera helaraziko zaion zorion agurrerako argazkia atera dute, Mikel Laboa plazara gerturatu diren herritarrek.
"Ezin da berriro errepikatu"
Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen egoera gogoan izan dute baita gaurko mobilizazioan. Pairatzen duten bidegabekeria salatu da. "Urrunketarekin amaitzea eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna ukatzeak, sortzen dituzten ondorio larriengatik, kartzela politika honen berehalako desaktibazioa eskatzen duten bi neurri dira, are eta gehiago, itxaropenari ateak zabalduz, euskal gizarteak bake prozesua muturreraino eramatea erabaki duenean", adierazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.
Kasu bat baino gehiago badira gaixotasun larri eta sendaezinekin espetxean; Oier Gomez gasteiztarrarena esaterako. Urte hasieratik Ewing sarkomarekin Parisko Piite-Salpetriere ospitalean egon da. Kartzelaldia eten zioten astelehenean eta bere aurkako euroaginduak ere bertan behera utzi asteazkenean. Ordutik aske da. Parisko ospitalean izan da egunotan, eta ostiral honetan Euskal Herrira itzuli da, nahiz Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik gogorarazi dutenez, "eskubide osoa zuen ez orain, 2013an lehen minbizia izan zuenean ere, espetxetik kanpo duintasunez zaintzeko, gaur egun larriki gaixo dauden gainontzeko 12 euskal presoak bezalaxe".
Gaineratu dutenez, "egun eri dauden 12 euskal presoak kalean egon behar lukete Oierren gisa, euren eritasuna duintasun osoz tratatzeko eskubide osoarekin. Ezin da Oier Gomezi gertatu zaiona berriro errepikatzen utzi eta, horretarako, presoen afera desblokeatzeko garaia da, larri eri diren presoak askatzeko garaia da", nabarmendu dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik. Larriki gaixo diren presoak askatzeko garaia dela nabarmendu dute, baita "gainontzeko presoak lehenbailehen Euskal Herrira" ekartzekoa ere.
Datozen mobilizazioak
-Maiatzak 6, larunbata: 17:30 Larriki gaixo dauden euskal presoen etxeratzea exijitzeko manifestazioa Gasteizko Iparralde gizarte-etxetik abiatuta. Autobus zerbitzua Usurbildik. Izen ematea ohiko tokietan. Deitzailea: Sare mugimendua.
-Maiatzak 21, igandea: mobilizazioa 36. Sagardo Egunean. Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.
-Maiatzak 26, ostirala: 20:00 Azken ostiraleko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.