Astearte eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak, Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak datorren astean bertan hasiko dituztela iragarri zuen. Lasak esandakoa Ahaldun Nagusi Markel Olanok berretsi zuen gauean, Euskal Telebistako lehen kateak emititu zuen asteroko "Ahoz Aho +" saioari eskaini zion elkarrizketan.
"Datorren astean hasiko ditugu obrak", erantzun zion, kazetariak gai honi buruz eginiko galderari. 2019ko udazkenerako plantak guztiok eraikiak eta martxan egotea espero du Aldundiak. Lanokin Gipuzkoan hondakinekin dagoen arazoa "konpondu egingo dugu" azpimarratu zuen.
Gipuzkoak egun zaborra kudeatzeko sistemarik ez duela, "kanpora ateratzen ari da" zioen Olanok, "eta nahiko lan dugu topatzen lekurik, gure zaborra hartuko duenik" gaineratu zuen. Zabortzat jotzen duena kudeatzeko azpiegitura baten baino gehiagoren beharra izango dela zioen Olanok. Horietatik lau Zubietan kokatuko direla gogorarazi zuen. Eraikitze lanak aipatu moduan, datorren astean bertan hasiko dituztela iragarri zuen bart.
"Edozein lantegik izango du emisio maila altuagoa"
Erraustegiak herritarren osasunerako ekar ditzakeen ondorioez kezkatuta direnei zer esango zien galdetu zion kazetariak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiari. Olanok erantzun zionez, Europak baimendutako emisio muga baino "%70a gutxiago emitituko du Zubietako plantak. Horren esan nahi du ziurrenik munduan eta Europan ez dela egongo hain emisio txikirik izango duen plantarik. Eta horregatik diot, osasun ikuspegitik zero izango dela eragina. Gure lurralde industrial honetan edozein lantegik izango du emisio maila altuagoa Zubietako errauste plantak baino".
Horiek Olanoren hitzak. Erraustegiaren emisio maila hain baxua izateko, "Europako herrialde aurreratuenetan ezartzen eta erabiltzen diren sistema aurreratuenak ezarriko ditugu" nabarmendu zuen, "osasunaren ikuspegitik eta ingurumen ikuspegitik berme handienak" eskaintzen dituztenak. Eredutzat hartu zituen Ipar Europako hainbat herrialde. "Alde batetik, kudeaketa integral bat egiteko zaborra errausteko sistemak martxan jartzen dira, baina hori egiten da aldez aurretik birziklatze politika oso anbiziosoak eginez", dio Olanok. "Birziklatze politika oso anbiziosoak eginez" zioen.
Markel Olanoren adierazpenak ondoko estekako bideoan entzun ditzakezue, 18. minututik aurrera: http://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/ahoz-aho-eta-gehiago/
Datozen deialdiak:
Erraustegiko lanak eraikitzen hastear dituztela eta, hainbat mobilizazio deitzen hasiak dira. Baita Usurbilen ere:
Maiatzak 8, astelehena:
19:00 Erraustegiko eraikitze lanen hasiera dela eta, elkarretaratze zaratatsua Mikel Laboa plazan. Ekarri zarata sortuko duten gailuak; danborrak, txistuak, kazolak…
Maiatzak 10, asteazkena
Goiz partean (egunotan zehaztuko dute ordua), elkarretaratzea Bugatiko gasolindegi ondoan, erraustegiko lanen lehen harria jartzekoa baita Foru Aldundia.
Maiatzak 27, larunbata
Mobilizazio eguna Zubietan. Hitzaldiak, haurrentzako tailer eta jolasak, musika…
Oharra: mobilizazio gehiago deitzekotan da Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldea. Egunotan zehaztekoak dira deialdiak.
Antolatzailea: Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldea.
Gipuzkoa Zutik: "Erraustegiaren lanak hasteko eremua prestatzen hasi direla salatu nahi dugu"