"Parte hartu eta bozkatu", usurbildarren deia maiatzaren 7ko galdeketarako

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 3a, 11:53

Usurbildarrek usurbildarrei bozkatzeko gonbita luzatzen ikus ditzakezue, ate joka dugun maiatzaren 7ko herri galdeketa ospatzeko 4 egun baino falta ez diren honetan, Herritzartuk plazaratu duen ondoko "spot"-ean. Herritarron garaia dela diote, "erabakitzera goaz". Emandako iritziaren gainetik, garrantzitsuena parte hartzea dela, eta parte hartzeko hamaika arrazoi dagoela. "Demokrazia eta herritarron elkarlana indartzen dituelako. Kontsultek herriari botorea ematen diotelako. Horrelako ekintzek politika egiteko modua aldatzen dutelako. Guztiongan eragina duten erabakiak ezin direlako utzi gutxi batzuen eskuetan. Ez dudalako beste batzuk neuregatik erabakitzea nahi. Gure etorkizunaz erabaktizea eskubidea delako".

Bozkatzera animatzen gaituzte. "Parte hartu eta bozkatu...  Nik bozkatuko dut. eta zuk?". Gogoan izan, maiatzaren 7ko galdeketarako aldez aurreko bozka emateko epea zabalik dagoela jada, Herritzartuk Etxebeste kalean duen lokalean. Adi ordutegiei:

Bozkatzeko baldintzak

-16 urte beteak izan eta Usurbilen erroldatua egotea.

-Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

A-Espainiako Estatuak herritartzat jotzen dituen pertsonek, ondorengo identifikazio dokumenturen bat aurkeztu behar dute: Espainiako Nortasun Agiri Nazionala (NAN); EHNA+2017 errolda agiria; gidabaimena+2017ko errolda agiria; edo pasaportea.

B-Espainiako Estatuak herritartzat jotzen ez dituen pertsonek, ondorengo identifikazio dokumenturen bat aurkeztu behar dute: bizileku txartela (Europar Batasuneko kide ez diren Estatuetako herritarren kasuan); jatorrizko Estatuak jaulkitako nortasun txartela edo pasaportea; nortasun txartela edo agiria; edo gidabaimena+2017ko errolda agiria.

Norbere identifikazio dokumentuarekin batera, derrigorrez aurkeztu beharko da 2017ko errolda agiria kasuotan: identifikazio dokumentua iraungita badago edo identifikazio dokumentuan ageri den helbidea ez bada Usurbilgo udalerrikoa.

DATOZEN DEIALDIAK

Maiatzak 3-6

Herri kontsultarako aurrez bozkatzeko aukera Herritzartuk Etxebeste kalean duen egoitzan. Ordutegiak:

-Maiatzak 3, 11:00-13:00/18:00-20:00.

-Maiatzak 4, 18:00-20:00.

-Maiatzak 5, 19:00-21:00.

-Maiatzak 6, 11:00-14:00.

Maiatzak 7, igandea

09:00-20:00 Galdeketa Usurbilen.  

Galdera: "Nahi al duzu Euskal Herria estatu independentea izatea?".

Bozkatzeko baldintzei buruzko informazioa: maiatzaren 7an bozkatzeko baldintzak

Hauteslekuak:

-Kaxkoan: Kontseju zaharra kalea etxe atarian.

-Kalezarren: Haur Eskola eta Ugarte baserri ondoko markesina parean.

-Santuenean: Ibai Ondo elkarte ondoko plazan.

-Aginagan: apaiz-etxean.

Egitaraua:

Kaxkoan:

9:00 Hauteslekuen irekiera.

Txistularien kalejira

10:00 Bizikleta martxa musikatua hauteslekuetara, Mikel Laboa plazatik abiatuta.

18:00-20:00 MartxanGO taldea.

20:00 Boto paperen zenbaketa.

Ondoren, emaitzen aurkezpen publikoa eta Talde Sustatzailearen balorazioa.

Santuenea:

11:00 Haur jolasak.

12:00 Txorizo eta haragi egosi banaketa, musikaz giroturik.

Aginaga:

11:00 Haragi eta txorizo egosi banaketa, sagardoz lagunduta eta musikaz alaituta.                       

Bitartean; haurrentzako txokoak eta toka txapelketa herrikoia.