Ekitaldien loraldia, maiatzeko agendan

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 4a, 09:49

Beti ba omen da "zerbait" herri honetan. Alde horretatik, maiatza ez da inolaz ere salbuespena izango. Ikusi bestela Usurbilgo Udalak argitaratu eta etxez etxe banatu duen kultur agenda. Ekitaldiz bete askoa datorkigu. Bi ekitaldi ziklo tartekatuko dira asteotan; Jexux Artzeren omeneko ekitaldiak batetik, eta sagarrondoen loraldiari gorazarri egin ohi dion Sagastiak Loretan ospakizunaren bosgarren edizioko hitzorduak bestetik; tartean, San Ixidro Eguna maiatzaren 15ean eta usurbildarren artean kuttunena den 36. Sagardo Eguna. Maiatzaren 21ean aurten.

Hitzorduz jositako asteburu honen ostean izango da. Kale giroa biziagotu eta herritarren artean harrera ezinhobea izan duen Bizi Kalea ekimenaren azken edizioa ospatuko baita igande honetan, tabernariak eta dendariak bilduko dituen Askatasuna plazan. Gogoan izan, Herritzartu eta Zubiartean elkarteek, hurrenez hurren Usurbilen eta Zubietan antolatu dituzten galdeketen egunean ospatuko dela Hurbilago Elkartearen ekimena. Hitzordu gehiago ere badakartza maiatzak. Ikusi: 

2017ko maiatzeko kultur agenda