NOAUA!ra igorritako idatzian, herritarren independentziaren aldeko bozka ematera deitzen ditu igandean, maiatzak 7, Usurbilgo Ezker Abertzaleak, "ez dagoelako etorkizun oparorik espainiar estatuan, gure buruaren jabe izan nahi dugulako, Euskal Herritarrak garelako". Honatx aipatu idatzia bere osotasunean:
Euskal Herri Independenteari BAI!
2017a erabakitze urtea da, orain urte batzuk erabakitze eskubidearen aldeko mugimendua hasi zen eta gaur harro esan dezakegu Euskal Herriko txoko askotara iritsi dela hazten ari den olatua.
Euskal Herritarroi dagokigu gure Herria nazio zein Europa mailan kokatzea. XXI. mendean ez dira arrotzak euren buruaren jabe egin diren herrien urratsak, dozenaka dira aurreko mendean independizatu diren herriak eta ez dira gutxi hamarkada honetan erreferendum bat egitean aurreikusten dutenak: Eskozia, Katalunia edo Faroe uharteak tarteko.
Makina bat lan daukagu egiteko. Jada 38 herrietako biztanleek aukera izan dute bozkatzeko Goierrin abiatu eta Euskal Herriaren luze eta zabalean hedatzea asmo duen erabakitze eskubidearen olatuarekin.
Euskal herritarron garaia da. Eta Usurbilen ere hartu da olatua, Herritzartuk 3 galdera proposatu zituen, eta ze galdera erantzun nahi duen esan du Usurbilek, orain maiatzaren 7an dugu galderari erantzuna emateko aukera. Nahi al duzu Euskal Herria Estatu independentea izatea?
Usurbilgo Ezker Abertzaletik maiatzaren 7ko egunak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, erabakitzeko eskubidearen alde urrats garrantzitsu bat ematera goaz, independentziaren bidean urrats handi bat ematera goaz, erabaki nahi dugula esatera goaz, eta Ezker Abertzaletik Euskal estatu independente batean bizi nahi al dugun galderari BAIezko borobil bat ematera goaz. Ez dagoelako etorkizun oparorik espainiar estatuan, gure buruaren jabe izan nahi dugulako, Euskal Herritarrak garelako. Erabakitze eskubidearen olatua hasi da, baiezkoa tsunami bat izan dadila! Bete ditzagun hautetsontziak, Independendentziari bai! Gora Herria!
Usurbilgo Ezker Abertzalea (Sortu, Ernai, LAB).