Sareren larunbateko manifestaziora joateko autobus zerbitzua Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 4a, 11:59

Larriki gaixo dauden euskal presoak aske uztea exijitzeko manifestazioa deitu du Sare mugimenduak larunbat honetarako, maiatzak 6, Gasteizen. Hiriburuko Iparralde gizarte-etxetik abiatuko da mobilizazioa, arratsaldeko 17:30etan. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu da Usurbilen. Larunbat arratsaldeko 15:15ean abiatuko da, Bordatxoko errotondatik. Autobus zerbitzuan izen ematea aurrez bideratu beharko da, Aitzagan eta Txiribogan. Prezioa: 10 euro. Gogoan izan egunotan utzi dutela aske, larriki gaixo zegoen euskal presoetako bat; Oier Gomez gasteiztarra.

Larriki gaixorik dauden presoak askatzeko eskaera

Gai honen inguruko erakunde adierazpena onartu zuen aho batez Usurbilgo Udalak, apirilaren 25ean egin zuten osoko ohiko bilkuran. Bi puntuko testuan, batetik, Oier Gomez eta larriki gaixo dauden euskal presoak aske uzteko indarrean den legedia aintzakotzat hartzea eskatzen zien eskumena duten frantziar agintariei. Udalbatzak erabateko adostasunez hartutako erabakia agintarioi helaraziko zaie.

Larriki gaixo dagoen Oier Gomez euskal preso gasteiztarra urte hasieratik Ewing sarkomarekin Parisko Piite-Salpetriere ospitalean egon da, aurreko astean kartzelaldia eten eta bere aurkako euroaginduak bertan behera utzi zizkioten arte. Ordutik aske da, jada Euskal Herrian. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, azken elkarretaratzean, gaixo diren 12 euskal presoen kaleratzea eskatu zuten, euskal presoak euskal herriratzea galdegitearekin batera. “Ezin da Oier Gomezi gertatu zaiona berriro errepikatzen utzi”, nabarmendu zuten.

Azken ostiral hunkigarria, Mari Karmen Anzaren itzulerarekin

Alaba Olatz Lasagabaster eta Xua biloba sortu berria ezagutzeko 600 kilometroko bidaia egin behar izan zuen Usurbildik Valentziaraino urtarrilean. Han gaizki sentitu eta ospitaleratu behar izan zuten; ZIU-n hilabetez, gero plantan. Handik Donostiako ospitalera ekarri zuten martxoa hasieran eta hilabete bukaeran etxeratu ahal izan zuen. Osasun egoera hobetuta itzuli ahal izan zuen aurreko apirilaren 28an, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituriko hileroko elkarretaratzera.

Olatzen ama Mari Karmen Anzak usurbildarren harrera beroa jaso zuen, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko apirilaren 28ko mobilizazioan. "Hiru hilabete luzeren ondoren, gure artean dugu berriro Mari Karmen. Eta esan nahi diogu, ongi etorri gure artera berriro!", adierazi zieten Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik elkarretaratzera bertaraturikoen izenean eta Mikel Laboa plazan bildutakoen txalo artean Anzari. Hunkituta, lore sorta eder bat jaso zuen Mari Karmenek, eta Usurbilgo herriari eskerrak eman zizkion, hilabeteotan jasotako elkartasun eta berotasunagatik. Jasotako babesa eskertzeko pintxo batzuk prestatu eta dastatzeko aukera eskaini zien bertaraturikoei. 

Mobilizazioak bigarren protagonista bat ere izan zuen. Mari Karmenen alaba; Olatz Lasagabaster. Urteak betetzear dituen honetan, Picassentera helaraziko zaion zorion agurrerako argazkia atera zuten, Mikel Laboa plazara gerturaturiko herritarrek.