Denboraldiko azken Bizi Kalea gaur, dendariekin eta Dema plazan

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 7a, 06:00

Herritarren artean harrera ezinhobea izan duen Hurbilago Elkartearen Bizi Kalea ekimenaren estreinako denboraldia amaitzear da. Denetariko osagaiak izan dituen gune gastronomiko eta ibiltariaren azken hitzordua, iganderako, maiatzaren 7rako finkatu dute antolatzaileek. Iragarria zegoen moduan Askatasuna Plazan ez, Dema plazan baizik. Hurbilagoko kide diren tabernarien elkarlana erdigunean jarri ohi duen azokak, jan edana edota musika dakar, aurreko edizioen antzera. 

Baina baita osagai berriak ere. Bizi Kalearen edizio bakoitza bakarra eta ezberdina izan ohi da, eta bidean datorrena ere ez da salbuespena izango. Hurbilago Elkarteko tabernariei dendariak batuko zaizkie oraingoan. Ondoko irudian dituzuen saltokietako langileek dendako eskaintza Dema plazara aterako dute maiatzaren 7an. Bertaratzen denak erosketak egin ahalko ditu; adi, %10 merkeago, Usurbilgo txanpona baliatzen baduzue.

Azokan eskuragarri izango diren produktuak kontsumitzearen truke txartelak jasoko dira “Ondo gorde!”, ohartarazi dute antolatzaileek. Hainbat opari zozketatuko baitira, 150 euroko erosketa balearekin batera azoka amaieran.

Argazkien erakusketa

Berrikuntza gehiago. Pasa den udazkenean antolatu zuten Hurbilagoren “Usurbilgo Txokoak” Argazki Lehiaketara aurkeztu ziren lanak ere ikusgai jarriko dituzte maiatzaren 7an, Dema plazan. Biharamunetik aurrera, Sutegiko aretoan jarriko dituzte erakusgai.

Txikientzako eskaintza ere ez da faltako; batetik, Txirinbolo dendaren eskutik, tailerrak izango dira. Usurbilgo Erraldoi eta Burunandien Konpartsak berriz, buruhandiak aterako ditu plazara.  Ixabel Agirresarobek ipuin kontalari gisa jardungo du.

Azken Bizi Kalea

Eguna: maiatzak 7, igandea.

Ordutegia: 11:00-15:00.

Tokia: Dema plaza.

Egitaraua:

-Jan edana: sardinak parrilan eta kroketak.

-Musika.

-Haurrentzako: erraldoi eta buruhandien kalejira, tailerrak eta 13:00ean, Ixabel Agirresarobe ipuinak kontatzen.

-Hurbilagoren “Usurbilgo Txokoak” Argazki Lehiaketako irudiak ikusgai (Bizi Kalearen ostean, Sutegin jarriko dituzte erakusgai).

-Hurbilago Elkarteko hainbat dendariren postuak: arropa, jostailuak, liburuak, lurrinak, kosmetika produktuak, janari prestatuak, ile-apaindegiko produktuak.

-Usurbilgo txanpona baliatuta, erosketak %10 merkeago egiteko aukera.

-Zozketak: 150 euroko erosketa balearen zozketa eta opari ederren zozketa azoka amaieran!

Antolatzailea: Hurbilago Elkartea.