Zubiartean Elkartea: “Helburua parte hartzea da, zubietarrok ere erabakitzeko eskubidea dugula sentitzea”

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 7a, 07:04

Hitzordu erabakiorra maiatzaren 7koa zubietarrentzat. Donostiar edo usurbildar gisara ez, zubietar moduan eta hautetsontsi bakarrean bozkatuko baitute maiatzaren 7an. Adierazi nahi duten iritzien gainetik, begi bistako herri izaera izango duen herri kontsulta honetan bozkatzera animatzen dute Zubiartean Elkartetik, erabakitze eskubidea zubietarrena ere badela sentitu eta aldarrikapen nahiz festa giroko egun honetan murgiltzera.

Azken prestaketa lanetan izango zarete honez gero?

Hautetsontzia nondik ekarri behar duten, prezintoa zeinek sinatu, nora eraman behar den jakinazpena, komunikazio lana… Azken momentura arte egiteke direla jabetzen ez zaren halako lan txikiak geratzen zaizkigu. Atzera kontua hasita dago eta badira hainbat gauza ondo antolatu eta ardurak banatu beharra.

Argi utzi beharreko kontua; bai Donostia zein Usurbil aldeko zubietarrek parte hartu ahalko dute igandeko galdeketan.

Bai. Kontua da, gure nortasun agirietako zenbakietan batzuetan ez duela zehazten Zubietakoak garenik, batzuei Usurbil, Donostia edo kalea bakarrik adierazten die. Horretarako guk prestatua dugu kale eta baserrien zerrenda bana, Zubietakoak direla egiaztatzeko arazorik balego. Nortasun agiriak berak ez badu erakusten norbera Zubietakoa dela, errolda agiria eramatea komenigarria litzateke badaezpada ere. Aurrez, dagokion udaletxean eskatu behar da. Hautes mahaian egongo diren pertsonek hiru gauza ziurtatu behar dituzte; bozkatzera doan pertsona eta agirikoa pertsona bera direla. Bigarrenik, adina, 16 urtetik gora izatea. Eta hirugarrena, bizilekua. Gure kasuan Zubietan erroldatua egon behar da; berdin du Donostia edo Usurbil aldean. Azpimarratu nahi genuke, gure kasuan guztiak garela zubietarrak eta guztiok ere hautetsontzi bakarrean bozkatuko dugula.

Hauteskundeetan modu bereizian bozkatzetik oraingoan, ontzi bakar batean bilduko dira zubietarren bozkak?

Hauteskunde formaletan bi hautetsontzi egoten dira Zubietan, batean Usurbilen erroldatutakoek bozkatzeko, bestean Donostian erroldatutakoek bozkatzeko. Kasu honetan ez da hala izango. Guztiek izango dute elizako arkupeetan bozkatzeko aukera eta bozka guztiak hautesontzi bakarrera joango dira. Bereizketa hori ez egitea da helburua. Denok zubietartzat dugu geure burua. Zubietan galdeketa propioa egiteko arrazoia ere hori zen, guretik egingo dugula eta Zubieta subjektu erabakitzaile bezala aitortu nahi genuen. Zubietarron herri aitortza erreklamatzen ibiltzen garenez, aldarrikapen hori benetan serioski egiteko egun bat izatea nahi dugu.

Bozka paperetan ere islatu duzue aitortza hau.

Usurbilen bezala, hemen ere zubietarrok adosturiko galdera izatea nahi genuen. Martxoa amaieran Kaxkapen, EHU-ko irakasle Mario Zubiagaren laguntzaz zubietarron herri izaera galderan bertan txertatu behar genuela erabaki genuen, aitzin solas moduan. Bertan adierazten dugu, lehen aldia dela zubietar guztiok batera, zubietar moduan bozkatuko duguna eta prozesu honetan jarraitu eta sakontzeko gogoa eta asmoa adierazten dugu, eta maiatzaren 7tik aurrera, pixkanaka gure herriaren etorkizuna nolakoa izango den erabakitzeko pauso txiki batzuk ematea, batez ere herri izaera hori lantze aldera.

"Etorkizuneko erabakiak hartzeko ariketa hau oso ondo etorriko zaigu zubietarroi"

Zergatik izango da garrantzitsua zubietarrek hitza hartzea?

Bi arrazoi behintzat baditugu buruan; ez zubietar ezta euskal herritar moduan ere inoiz ez digutelako galdetu zein komunitateko kide izan nahi dugun. Herritar bakoitzak bere erabakia adierazteko funtsezkoa izango da maiatzaren 7ko galdeketa.

Galdeketaren berri bi udalei helaraziko diezue.

Zubietarrok badugu udaltzat hartu eta zubietarrok ordezkatzen gaituen Herri Batzarra. Zubiartean Elkartetik jakinarazpen guztiak Herri Batzarrari helaraziko genizkiola adostu genuen. Gero Herri Batzarrak noski, bere jardunean ohikoa du Usurbilgo eta Donostiako udalei jakinarazpenak helaraztea. Donostiaren kasuan, lehenengoak izango gara erabakitzeko eskubidearen aldeko ariketa hau antolatuko dutenak. Usurbilgo Udalari ere jakinaraziko zaio Usurbilen erroldaturiko zubietarrek ere bozkatuko dutela egun horretan. Zubietarren iritzia ezagutuko da maiatzaren 7an.

Kultura demokratikoa indartzen lagunduko du?

Seguru. Erabakiak hartzeko gaitasun edo ahalmen hori lantzeko aukera izango dugu lehen aldiz. Etorkizuneko erabakiak hartzeko ariketa hau oso ondo etorriko zaigu zubietarroi.

Amesten duzue espresuki zubietarron herri izaeraren inguruko galdeketa ospatuko den eguna?

Bai noski. Iritsiko da une hori ere. Egia da, zaila izango dela prozesua. Igeldoarrek bide luze eta zabala egin dute eta ikusten da zailtasunak ere badaudela. Zubietarrek ere gogo hori badutela uste dugu, maiatzaren 7an ere erakutsiko dela. Etorkizun batean galdeketa hori erreala izango dela uste dugu.

Zubietarrentzako azken hitzak.

Animatu bozkatzera. Berdin du zein den iritzia. Helburua parte hartzea da, zubietarrok ere erabakitzeko eskubidea dugula sentitzea. Bide batez, animatzeko plazara, festa giroan eguna ospatzera. Bozkatuko duten zubietarrak herri bazkari batean bildu nahi ditugu, herri giro alaia sortu nahi dugu bozketen inguruan.

Zubietarrek hitza hartzeko hilabeteotan jorratu duten bidea

2017/01: Zubietan galdeketa propioa antolatzeko erabakia hartu zuten herritarrek.

2017/03/03: Zubiartean Elkartea eta manifestua aurkeztu, eta zubietar eragile nahiz herritarren atxikimendu argazkia atera zuten. Galdera adosteko prozesua abiatu zuten.

2017/03/30: EHUko irakasle Mario Zubiagaren laguntzaz, galdera adostu zuten Kaxkapen.

2017/04/09: galdera eta Jarraipen Batzordea aurkeztu zituzten. Pagazpe eta Zubieta Pilota Elkarteen arteko bote-luze desafioa ospatu zen.

https://youtu.be/uVm1pyL06eA

2017/04/28: zubietarrek eginiko spot-aren aurkezpena (Youtuben ikusgai).

2017/04/29: Erabaki Fest jaialdia ospatu zuten zubietarrek.

2017/05/03: aldez aurreko bozka emateko aukera izan zen Zubietako Elizako arkupean.