Herritzartu Elkartea: “Parte hartu maiatzaren 7ko galdeketan, aukera baliatu”

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 7a, 07:20

Hilabeteetako lanketa borobiltzear da Herritzartu. Igandeko galdeketara begira, azken txanpan jada. Parte hartzera deitzen dute maiatzaren 7an. Iritzia edozein izanda ere, gure ahotsa bozka bidez adieraztera. Hitza hartzeko hamaika arrazoi baitago etzi.

Antolaketa lanen azken txanpan egongo zarete honez gero.

Hautesguneetako antolaketa bukatzea falta zaigu, bertan egon behar duten herritarrek egin beharreko lanez informatzea, hautesguneetako baliabideak antolatzea… Azken prestaketa lanak. Lan gehientsuenak nahiko aurreratuak ditugu.

Galdeketa egunerako laguntzaileak biltzeko egindako deialdiak zer nolako erantzuna izan du?

Oso ona. Eguna bi txandatan antolatzea pentsatzen genuen eta hiru egingo ditugu azkenean. 80 herritar inguru egongo dira hauteslekuetan, 6 lagun segurtasun lanetan, Jarraipen Batzordeko 10 kide, Berme Batzordeko 3, Talde Sustatzaileko 15 lagun, kanpoko 3 begirale… Bozka eman ahal izateko 100 lagunetik gora. Ekitaldietan laguntzen, argazkiak ateratzen ibiliko direnak batu behar zaizkie. Horiek denak akreditazioa izango dutenak eta beste mordoxka bat, akreditaziorik gabe laguntzen egongo dena. Orain arte ere jende piloa hurbildu zaigu laguntza eskatu izan dugunean.

Aldez aurreko bozka emateko epea zabaldu duzue. Herritarrak parte hartzen hasi dira?

Mugimendua bada jada bozkatzen. Gainera, esan digute jendea hasi dela udaletxera joaten, errolda agiria behar ote duen galdezka. Bozka emateko baldintzak zorroztasunez beteko ditugu. Euskal Herrian landutako protokolo bat bada, zorroztasunez beteko dugu. Gauzak ondo egin nahi ditugu. Jendeak ere prozedura honetan sinestea nahi dugu.

Galdeketa eguna aipatzen ari gara, baina aipatu izan duzuenez, bidea bera da garrantzitsuena. Orain arte jorraturiko bidea emankorra izan da?

Egin dugunarekin jada bete dugu helburua neurri handi batean. Mugimendua egon da, jendea, galdera adosteko prozesu parte hartzaile jendetsua, kezkak, kritikak… 200 bat bolondres izan ditugu laguntzen. Horrek guztiak erakusten du bidea emankorra izan dela. Norbaitengana jo dugunean laguntza eske oso erantzun positiboa jaso dugu eta lagundu ezin izan duena penaz geratu da. Jendeak prestutasun handia erakutsi du.

Erabakitze eskubidearen aldeko mugimendu honetan ahalduntze bat eman da hilabeteotan?

Kultura demokratikoan, parte hartze zuzenari begirako pausoak ematen dira halako ekintza eta ariketekin. Usurbilgo herriak aurreko udazkeneko bozketarekin eta oraingoarekin dinamika bat du martxan jarrita, ohitura bat. Ekarpena oso handia da. Batzuetan ez zaigu iruditzen baina hala da. Jendea konturatzen ari da, iritzia emateko ez dagoela goitik etorriko den ente baten zain egon beharrik. Galdeketa honekin eta aurrekoarekin ikusten ari gara herritarrok antolatzen bagara, iritzia emateko aukera sortzen dela. Eta honek eragina du gizartean. Lehenbiziko aldiz bozkatuko duten gazteentzat eredu berritzailea da gainera.

Euskal Herri mailan ospatzen ari diren galdeketen testuinguruan ere kokatu behar da Usurbilgoa. Ez gaude bakarrik.

Garrantzitsua da Usurbilgo galdeketa, herri mailako ekimen batez gain, olatu bateko tanta bat bezala ulertzea. Azpimarratu nahi nuke galdeketa honek dituen 3 osagaiak. Batetik, erreibindikazioa, hor egiten dugu bat gainerako herriekin, erabakitze eskubidearen defentsan. Eskubide hori onartua eta errespetatua izatea nahi dugu. Ariketa demokratikoa da, herritarrak parte hartze zuzenean hezten gara, gure iritzia modu libre eta lasaian ematea bermatzen joaten gara kulturalki. Elkarlanean herritarrok sortzen dugun lan bat da. Horren erakusle, zenbat jende parte hartzen ari den lan eginez, dirua emanez, babesa edo bozka emanez. Politika egituretan parte hartuko ez luketen askok, horrelako antolaketan parte hartzen du. Gainera, herritar eta herri bezala gure duintasunagatik eta horren defentsan egiten den ekintza bat da.

Abiaturiko lanketa ez da igandean amaituko.

Atzetik datorren prozesua da eta maiatzaren 7aren ondoren ere, ez azken hilabeteotako intentsitatearekin, baina jarraipena izango duena. Errealitatean bilakatu nahi dugun ibilbide luzeko aldarrikapena da honakoa. Maiatzaren 7aren ondoren etorriko dira beste ekintza batzuk. Ekainaren 10ean Bilbon Itun Herritarra aurkeztuko da. Galdeketaren ostean horri bultzadatxoa ematen ahaleginduko gara.

Loratzen doan mugimendu hau lagungarri suerta daiteke, etorkizunean galdeketak ofizialtasun osoz antolatzeko?

Hainbeste lan egiten den prozesu batean, hainbeste jende mugitzen duena, 20.000-30.000 biztanleko herrietan ausartzen dena hau egitera,.. Esfortzu hori ezin da geratu hor. Erantzun bat behar du.

Erakundeek kontuan hartu beharrekoa bada.

Gu oso serio ari gara lanean, eta erantzunak ere oso serioa izan behar du. Ezin da epelkeriatan ibili. Honi ezin zaio bestaldera begiratu, iraingarria litzateke. Eta gainera ekintzarekin berarekin eskatzen dugu hori, ahalegin handi bat egiten dugu lan serioa egiteko eta politikoki erantzunkizuna dutenek erantzun serio bat eman behar dute. Katalunian egin zuten moduan, herritarren mandatu hori, erakundeetatik ere gauzatu behar da.

Zergatik parte hartu behar dugu maiatzaren 7ko galdeketan?

Hamaika arrazoi dago. Duintasunagatik, erreibindikazio bat delako, ariketa demokratiko bat. Politikarien esku bakarrik ezin dira halako gauzak utzi. Erabakitzeko eskubidearen alde dagoen edonork ikusi behar luke maiatzaren 7ko eguna egun garrantzitsu bat bezala, erakundeen aurrean bere iritzia azaltzeko. Gero galderari bai, ez, zurian erantzun, hiru erantzunak dira garrantzitsuak. Baina parte hartu. Barne pentsamendutik erabakitze eskubidearen alde bazaude, iritzi hori erakusteko maiatzaren 7ko eguna garrantzitsua da. Parte hartu, aukera baliatu.

Galdeketa egunaren amaieran, zein da plazaratzea nahi zenuketen balorazioa?

Adin tarte ezberdinetako parte hartze zabala egotea, 3 erantzunek ordezkapen erreala izatea, eta baita ere nabarmentzea, asko egin dugula hilabeteotan eta asko egingo dugula, galdeketa indar bat dela aurrera segitzeko.

ATXIKIMENDUA EMAN DUTEN TALDE ERAGILEAK:

Udarregi ikastola

Hitz Aho guraso elkartea

Andatza kirol elkartea

Etumeta AEK euskaltegia

San Praixku guraso elkartea

Peña Pagola elkartea

Aitzaga elkartea

Erroizpe elkartea

Ibai Ondo elkartea

Santueneako Gure Elkartea

Andazpe elkartea

Mahaspildegi elkartea

Aginagako Atarialde elkartea

Baxurde Txiki taldea

Dantza taldea

Euzko Alderdi Jeltzalea

Ehbildu

Sortu

Ernai

Gazte Asanblada

Etxerat

Kantu taldea

Herriko musika taldeak (Zaparra, Izeberg, Rukula, Desegin, Hotzikara, Iñorkiñak, Erokomeri eta Odolaren mintzoa)

Usurbil K.E. Eskubaloi taldea

Usurbilgo Futbol Taldea

San Estebango jai batzordea

Atxegaldeko jai batzordea

Agiñako jai batzordea

Zubietako jai batzordea

Errausketaren aurkako taldea

Hurbilago

Usurbildarrek hitza hartzeko jorratu duten hilabeteotako bidea

2016/03/11: 2017an galdeketa egingo zela iragarri zuten, “Borondateen Kriseiluak” ekitaldian.

2016/11/26: galdeketa eguna iragarri eta antolatzeko prozesua aurkeztu zuten Potxoenean.

2016/12/16: Herritzartu elkartearen eta manifestuaren aurkezpena. Sinadura bilketari ekin zitzaion. Batzordeen eraketa eta hilabeteetako lanketa.

2017/02/04: herrirarren atxikimendu argazki erraldoia atera zen frontoian. Galdera adosteko prozesua abiatu zen.

2017/03/04: 1979tik hona udal ordezkari izandakoen atxikimendua.

2017/03/19: herri kontsultarako galdera aurkeztu zuten.

2017/03/19: Iñorkiñak taldekoek sortutako abestiaren aurkeztu zen.

2017/03/24: Herritzarturen Etxebeste kaleko egoitzaren irekiera.

2017/03/31-2017/04/21: erabakitze eskubidearen inguruko hitzaldi zikloa.

2017/04/01: Jarraipen eta Berme Batzordeen osaketa Potxoenean.

2017/04/29: Erabaki Fest.