Txalaparta eta txalapartarientzako kabi berria Txokoalden

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 5a, 22:11

Txalaparta doinuek biziberrituko dute aurrerantzean, Txokoaldeko garai bateko tren geltokiko eraikina eta baita auzoa bera ere. Arratsaldean ospatu dute, Oreka Tx taldeak kudeatuko duen gunearen irekiera ekitaldia. Talde ezagunarena izan baita, Usurbilgo Udalak urte hasieran Txokoaldeko zonalde eder honetan kultur proiektu berritzaileak garatzeko eginiko lehiaketara aurkezturiko proiektu irabazlea. Gaur abiaturiko egitasmoa oparoa izango dela iragarri du Usurbilgo alkate Xabier Arregik. Herrira, herritarrengana zabalik izango dena, lankidetzarako aukerak sortuko dituena. 

Aurten 20 urte beteko dituen Oreka TX-eko kide Harkaitz Martinez de San Vicentek, Txokoaldeko Txalaparta Txokoan garatu asmo duten proiektuaren ardatz nagusiak aurkeztu ditu. "Urteak dira horrelako egitasmo baten atzetik genbiltzala", adierazi du. Eta gero, ondoen egiten dakiten hori erakutsi digute; kontzertu eder askoa eskaini dute.

Proiektuaren ardatz nagusiak

-Txalapartarien txokoa: txalapartariak entseguetarako edo lan ezberdinak prestatzeko, elkartzeko gune irekia izango da. "Material ugari dugu (egurra, harriak, banbuak, toberak, bidoiak, zeramika, teilak etab) gure ibilbidean landu eta aztertu ditugunak".

-Sorkuntza prozesuak: "Gure taldeak burutzen dituen proiektuetan, sorkuntza prozesu multi- disziplinar ezberdinak azaltzea eta ikusgai jartzea du helburu. Txokoalden, sorkuntza prozesuan zehar burutzen ditugun entseguak, topaketak, eraikuntzak, tailerra, etab ezagutzea eskainiko luke". 

-Bisita gidatuak: Usurbilgo Udalak, 60. hamarkadako kulturgintza eta sorkuntza garaikidearekin lotutako ondarea ezagutzeko martxan jarritako ibilbide turistikoen baitan, "Txokoalden, txalapartaren iragana azalduko dugu, hastapenak, instrumentuaren garapena, baita gaur egun bizi duen hedapena eta musika estilo ezberdinekin duen lotura ere".

-Txokoaldetik haratago...: "Geltoki" proiektua jendarteratuko dute herriko eragile eta erakundeen artean. 

https://youtu.be/ExOpOwDp3ME

https://youtu.be/i6tfYY2OpDo