Maiatzeko lehen igandea gaur. Deialdi ofizialik egon ez arren, usadio zaharra berritzeko aukera dago gaurko Andatza Egun honetan. Errausketaren Aurkako Mugimendutik honako argazkiak helarazi dizkigute. Errausketaren aurkako aldarria Andatza gailurrera heldu da. Gogoan izan, eraikitze lanak hastera doazela eta, mobilizazioak deitu dituela aipatu mugimenduak, astelehen honetarako, 19:00etan Gipuzkoako udalerrietan. Usurbilgoa, Mikel Laboa plazan. Elkarretaratze zaratatsua izango da. Honenbestez, zarata eragiten duten gailuekin mobilizatzera deitzen dituzte herritarrak:
Datozen deialdiak:
Maiatzak 8, astelehena:
19:00 Erraustegiko eraikitze lanen hasiera dela eta, elkarretaratze zaratatsuak Gipuzkoa osoan,"Errausketarik ez gure izenean" aldarripean. Usurbilen Mikel Laboa plazan. Ekarri zarata sortuko duten gailuak; danborrak, txistuak, kazolak…
Mobilizazio gehiago beste udalerrietan: Donostian (Gipuzkoa plazan), Lasarte-Orian (Okendo plaza), Hernanin (Tilosetan), Andoainen (Juanita Alkain plazan), Bergaran (San Martin plazan), Pasaian ...
Maiatzak 10, asteazkena
Goiz partean (egunotan zehaztuko dute ordua), elkarretaratzea Bugatiko gasolindegi ondoan, erraustegiko lanen lehen harria jartzekoa baita Foru Aldundia.
Maiatzak 27, larunbata
Mobilizazio eguna Zubietan. Hitzaldiak, haurrentzako tailer eta jolasak, musika…
Oharra: mobilizazio gehiago deitzekotan da Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldea. Egunotan zehaztekoak dira deialdiak.
Antolatzailea: Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldea.
Errausketaren Aurkako Mugimenduaren adierazpena
Non egongo ote gara 2051. urtean? 35 urte barru… nola biziko dira gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute? Nolako zerbitzu sozialak edukiko dituzte? Zein gaixotasun sufrituko dituzte 2051. urtean? Nork eta zein dirurekin zainduko ditu gaixoak, zaharrak, umeak…?
Ezin dugu onartu erraustegi inposatu bat datozen 35 urteetarako kaltetuko dituena gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa.
Krisi ekonomiko sakonean bizi gara. Krisi ekonomikoak ekarri ditu krisi soziala, politikoa, humanitarioa. Konturatzen hasi gara Lurra planeta bakarra dela, mugatua. Ezin dugu segitu berdin, “erabili-ta-bota”, “erabili-ta-bota”…
Osasun krisi batean ere bizi gara. Gero eta minbizi gehiago, gero eta gaixotasun berezi gehiago… Nolaz baimentzen dute erraustegi berri batekin kutsatzea gure airea eta gure ondorengoek arnastuko dutena?
Krisi humanitarioa ere badaukagu. Garapen ereduak eragindako krisi sozial eta humanitarioa. Gure etxeetaraino ekarri du ezin bizia: langabezia, lanpostuen prekarietatea, etxegabetzeak, pobrezia gero eta ugariagoa…
Hori gutxi balitz administrazioek… inbertsio faraonikoetan xahutu dituzte diru publikoak… eta inbertsio sozial guztietan murrizketak egiten dituzte: murrizketak osasungintzan, murrizketak irakaskuntzan, gazteen laguntzetan, ezindu eta pobreenen laguntzetan…
Esan diezaiogun EZ! Gipuzkoarren bizitzak 35 urterako hipotekatuko dituen Erraustegiari, alferrikakoa den Erraustegiari.
Urte asko daramatzagu oihukatzen ERRAUSKETARIK EZ! Urteak daramatzate Gipuzkoan erraustegia egin nahian, zerbitzu publikoekin aberasten diren enpresa handi ustelak eta lotsa gutxiko zenbait politikari. Erraustegia oraindik eraiki gabe egotea… ez al da garaipen bat izan?
Baina GAINERA, 2009an hasita Gipuzkoan martxan dago Alternatiba…
Erraustea baino garbiagoa, osasuntsuagoa eta merkeagoa.
Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan egunero dago MARTXAN hondakinen kudeaketa Alternatiboa. Gipuzkoan demostratzen ari gara ez dugula hondakinak erre beharrik.
Orain nahitaezkoa da udalerri askok egin duten bideari beste guztiek ere jarraitzea. Gipuzkoar guztiok berdinak eskubideetan, gipuzkoar guztiok berdinak betebeharretan. Denon betekizuna da hondakinak murriztea eta sortutakoak ondo sailkatu eta tratatzea.
Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen duten alderdiei berriro ere esan nahi diegu: Gelditu ezazue proiektua!
Egin kasu herritarrok eskatzen dizuegunari!
Herritarrei dei egiten diegu: mugitu gaitezen gipuzkoarrok!
Errausketarik Ez! Ez gure izenean!