Herritarrok hitza hartzeko aukera ezinhobea gaur, Herritzartuk Usurbilen antolatu duen herri galdeketan. Zabalik dira jada herri erdiguneko (Mikel Laboa plaza ondoan), Aginagako (Apaiz-Etxean), Santueneko (Ibai-Ondo elkarte inguruan) eta Kalezarko (Haur Eskola eta Ugarte ondoko markesina) hauteslekuak. "Nahi al duzu Euskal Herria estatu independentea izatea?", galdera honi bai, ez, edo zurian erantzuteko aukera izango dugu arratsaldeko 20:00ak arte.
09:00etan ireki dituzte hauteslekuak; herri erdigunean kokaturikoa tartean. Azken prestaketa lanak amaitu, antolatzaileek adierazpena irakurri, egun osoz auzolanean jardungo duten herritarren taldeko argazkia atera eta berehala hasi dira gerturatzen hitza hartzeko gogoz ziren lehen herritarrak.
Herritzarturen adierazpena
Heldu da ordua! 142 hautetsontzi zabaldu ditugu Euskal Herrian, 4 Usurbilen. Hilabeteetako lanaren ondoren, gure herritarren borondateari bide ematera goaz. 248.000 lagunek aukera izango dute gaur, herri honen etorkizunaren inguruan hitza hartzeko.
"Aurrean biderik ez da, norberak egina ez bada". Hala dio Anarik bere abesti batean. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik betetzera pasa gara, herriz herri eta pausoz pauso, milaka herritarrok egin dugun lanari esker. Herritarrok ahaldunduz, bide itxaropentsu bati hasiera ematen ari gara; sinesten dugulako etorkizun hobe bat posible dela eta denon artean eraiki behar dugula. Eta jakina, aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu, herri honek bere etorkizuna erabaki dezan. Ezina ekinez egiten delako.
Hilabeteotan borondateak ehundu ditugu, adostasunetan sakondu, konplizitateak gehitu... Traba guztiak gainditu ondoren lortu dugu hautetsontziak plazara ateratzea, zilegitasun, legaltasun eta berme guztiekin, eta normaltasun osoz. Orain bai, herriari galdetzera goaz. Herritarron borondatea eta konpromisoa geldiezina delako. Bidea txikitik handira egiten dihardugu. Baina honez gero 550.000 lagun bizi diren eremuetara heldu gara herri galdeketekin. Euskal herritar guztien aldeko ekarpena izango da, gaur beste 52 herrietan egingo duguna. Parte hartzeak egiten gaitu herri eta gure botoak irudikatuko du etorkizunean nahi dugun herria. Herri bat garelako, erabakitze eskubidea dugulako, herritarron garaia delako... Gure Esku Dagoelako... Parte hartu eta eman zure botoa usurbildar hori!
Erdigunea
Aginaga
Egilea: Maialen Unanue.