"Traba guztiak gainditu ondoren, lortu dugu hautes-ontziak plazara ateratzea" #m7erabaki

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 7a, 10:32

Iragarri bezala, goizeko 09:00etan zabaldu dute Zubietako hauteslekua. Bozkak jaso aurretik, agiri bat irakurri dute. Gaurko egunez herri-galdeketak egiten ari diren toki guztietan irakurri den berbera. Hemen duzue agiria. Bideo irudiz ere jaso dugu.

"Heldu da ordua. 142 hautes ontzi ireki ditugu Euskal Herrian, 1 Zubietan. Hilabeteetako lanaren ondoren, gure herritarren borondateari bide ematera goaz. 248.000 lagunek aukera izango dute gaur herri honen etorkizunaren inguruan hitza hartzeko.

“Aurrean biderik ez da, norberak egina ez bada”. Hala dio Anarik bere abesti batean. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik egikaritzera pasa gara, herriz herri eta pausoz pauso milaka herritarrok egin dugun lanari esker. Herritarrok ahaldunduz bide itxaropentsu bati hasiera ematen ari gara; sinesten baitugu etorkizun hobe bat posible dela, eta denon artean eraiki behar dugula. Eta, noski, aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu herri honek bere etorkizuna erabaki dezan. Ezina ekinez egiten delako.

Hilabeteotan borondateak ehundu ditugu, adostasunetan sakondu, konplizitateak gehitu… Traba guztiak gainditu ondoren, lortu dugu hautes ontziak plazara ateratzea, zilegitasun, legaltasun eta berme guztiekin, eta normaltasun osoz. Orain bai, herriari galdetzera goaz. Herritarron borondatea eta konpromisoa geldiezina delako.

Bidea txikitik handira egiten ari gara. Baina jada 550.000 lagun bizi diren eremuetara iritsi gara herri galdeketekin. Euskal herritar guztien aldeko ekarpena izango da gaur beste 52 herritan egingo duguna.

Parte hartzeak egiten gaitu herri, eta gure botoak irudikatuko du etorkizunean nahi dugun herria. Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako, herritarron garaia delako... Gure, Esku, Dagoelako... Parte hartu eta eman zure botoa zubietar hori!".

Hau izan da Zubiartean elkarteak jendaurrean irakurri duen agiria.