Pozik, herria eskertu eta zoriontzeko agertu dira jendaurrera, gaur usurbildarrek hitza hartu ahal izateko azken hilabeteotan, eta maiatzaren zazpigarren egun honetan bertan auzolanean gogotik jardun duten herritarrek. Herritzartu Elkarteak gaurko galdeketa honetan parte hartu dutenak zoriondu nahi izan ditu. "Zorionak guztioi. Zorionak baiezko botoa ematen duzuenoi, zorionak ezezko botoa eman duzuenoi eta zorionak ere zurian bozkatu duzuenoi. Erabakitzen ari gara!", adierazi dute Herritzartu Elkarteko ordezkariek, bertaraturikoen txalo artean.
Ariketa demokratiko eta atzera bueltarik ez duen urrats historiko gisa definitu duten herri kontsulta hau gauzatu ahal izateko, herri mailan sustatu den elkarlana goraipatu dute. "Herri galdeketa hau ariketa demokratiko bat izan da. Herritar orok modu libre eta lasaian bere iritzia ematea ahalbidetu duen ariketa. Neutraltasun, objektibotasun eta gardentasun printzipioen gainean antolatua eta gauzatua. Herri galdeketa hau ere herritarren arteko elkarlana izan da, elkarte, talde, norbanako ezberdinen babesarekin, eta herritar askoren lanarekin antolatu eta gauzatu da gaurko eguna", azpimarratu dute.
Erabakitze eskubidea praktikara eramatea ahalbidetu duen gaurko ariketa ahalbidetzen lagundu duten guztiak eskertu dituzte. "Abenduko aurkezpenean, gaztainak prestatu zituzten herritarrekin hasi, eta gaurko egunera arte hamarnaka herritarrek egin duten lana azpimarratu eta eskertu nahi dugu: galdera osatzeko taldeak, kanta osatu duten herritarrak, herri bazkaria antolatu zutenak, kartelak egin eta jartzen lagundu dutenak, lokala eta guneak prestatu dituztenak, buzoneoak, inprenta, Hurbilago Elkartea, NOAUA!. Guztiak beti gertu, beti prest. Herritarron arteko elkarlana, gure lurrarentzako ongarri indartsu bat da, indarrak eta proiektuak ereiteko. Eta harian harian, etorkizun berri oparoa eraikitzen joateko", gogorarazi dute Herritzartutik.
Hurrengo hitzordua, Herritarron Ituna
Orain arteko galdeketen olatu handiena izan da gaurkoa. Iaz pentsaezina ziren baldintzak sortu eta herritarrak hitza hartzerainoko prozesuak garatu dituzte gaur, herri kontsultak antolatu dituzten 52 udalerriek. Gaurkoan 52 udalerrietan ospatu baitira herri kontsultak eta "63.201 lagunek demokraziaren eta herritarron burujabetzaren aldeko jarrera erakutsi dute".
Gaurko herri kontsulten ostean, jauzi berri bat emango dela iragarri dute ekainaren 10ean Bilbon. Nazio mailako mobilizazio horretan, Herritarron Ituna aurkeztuko dute Bizkaiko hiriburuan. "Erabakiaren bidean ate berriak zabaltzen ari gara eta herritarron ituna mugarri izango da", iragarri du Herritzartuk.
Honez gain, urte hau amaitzerako, "galdeketak eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida milioi bat herritar bizi diren eremuetara iritsiko dira" adierazi dute. Galdeketarekin ez da ezer amaitzen beraz, erabakitze eskubidearen aldeko lanketak datozen hilabeteotan segida izango du, "borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz, Euskal Herrian erabakia gauza dadin. Gure esku dagoen guztia egingo dugu. Herritarron esku dagoen guztia egingo dugu erabakia gauzatu dadin. Ezinezkoa ezinezko baita errealitate bihurtzen den arte. Horretan sinesten dugu eta hori erakutsi dugu beste 52 herrietan".