Erraustegia eraikitzeko lehen harria jarriko dute asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 9a, 07:10

Asteazken honetan abiatuko dituzte erraustegia eraikitzeko lanak ondoko irudian ageri den kokalekuan, Zubieta gainean. Gipuzkoako Foru Aldundiak goizeko 11:30etarako finkatu duen lehen harria jartzeko ekitaldiarekin abiatuko dira lanok. Hitzordu honetan parte hartuko dute Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Markel Olanok, ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok eta eraikitze lanez arduratuko den enpresa taldeko ordezkari Carlos Abiliok. 2019ko udazkenerako martxan egotea aurreikusten dute, hondakinak errausteko planta.

Lanok esleitu eta hilabetera hasiko dituzte eraikitze lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanen kontratua sinatu zuen apirilaren 3an Ekondakin, Urbaser, Meridiam Investments, Altuna y Uria, Moyua, Murias eta LKS Ingeniería enpresa taldeak osaturiko sozietatearekin. Kontratazio Errekurtsoen Foru Auzitegiak FCC-k esleipen prozesuaren aurka aurkezturiko errekurtsoa atzera bota eta egun gutxira sinatu zuten akordioa, eraikitze lanei ere ahalik eta lasterren ekiteko. Gogoan izan, FCC-k errekurtso hau aurkeztu zuenetik esleipen prozesua suspentsioan zegoela.

Albiste izan da erraustegia eraiki eta 35 urte kudeatzeko ardura duen enpresa taldea. Haietako bat, Urbaser miatu baitzuten duela aste gutxi, ustelkeriaren kontra Madrilen egin zuten polizia operazio baten baitan. 

Bigarren faseari ekitera doaz orain

Lanon bigarren fasearen baitan, biometanizazio planta bat eta zepentzako beste azpiegitura bat eraikitzea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bi guneok, erraustegiarekin eta tratamendu mekaniko-biologiko plantarekin batera eraiki nahi dituzte. Azpiegitura guztion eraikitze lanak 2019. urteko erdialdera amaitu eta 2019ko udazkenerako martxan egotea espero dute.

Lanen bigarren faseari ekiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamenduak Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Azpiegituren Lurralde Plan Sektoriala (LPS) aldatzeko tramiteak abiatu ditu. "Hirigintza-dokumentu honen aldaketa beharrezkoa da Gipuzkoako Ingurumen Gunearen bigarren fasea garatzeko", berri eman du Aldundiak. Oinarrizko proiektua landu asmo du Aldundiak eta Ingurumen Baimen Bateratua eskatuko dute fase honetarako. 

Bigarren faseko lanok, 25-35 milioi euro arteko kostua izango dutela gaineratu du Aldundiak. 2018. urte hasierarako amaitzea aurreikusten duten bigarren fase honen tramitazioa ere martxan jarrita, ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren esanetan, "Gipuzkoak hondakinen arazoari irtenbidea emango dio legealdiaren amaieran eta herritarrei egindako promesa beteko da”.