Gipuzkoako beste hainbat udalerrietan bezala, Usurbilen eta Zubietan ere plazara atera ziren atzo herritarrak, inoiz baino ozenago, erraustegirik ez dutela nahi adieraztera. Zaratatsua izan zen elkarretaratzea. Txilibitu, kazola eta soinua eragiten duten gainerako gailuekin gerturatu ziren usurbildarrak Mikel Laboa plazara eta zubietarrak frontoi ondoko plazara. Ozen asko adierazi nahi izan zieten erraustegia eraikitzeko proiektua defendatu eta eraiki asmo dutenei, haien izenean ezetz, ez dutela nahi, guztion osasun, ingurumen eta ekonomia kaltetuko duen erraustegirik. Ez Zubietan, ez inon.
Egunotan dira abiatzekoak erraustegia eraikitzeko lanak. Adi beraz, atzoko elkarretaratzea ez baita azkena izango. Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak hitzorduotan mobilizatzera deitzen ditu herritarrak:
Datozen deialdiak
Maiatzak 10, asteazkena
10:30 Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegia eraikitzeko lanen lehen harria jartzeko ekitaldia egingo duenez, elkarretaratzea goizean zehar Bugatiko gasolindegi parean.
Maiatzak 12 eta 19, ostiralak
19:00 Elkarretaratze zaratatsuak Mikel Laboa plazan. "Ekarri zarata sortuko duten gailuak; danborrak, txistuak, kazolak… ".
Maiatzak 27, larunbata
Egun osoz, mobilizazio eguna Zubietan. Hitzaldiak, haurrentzako tailer eta jolasak, musika… Tartean herri bazkaria. Txartelak aurrez jarriko dituzte salgai. Arratsaldez, Gipuzkoa Zutik mugimenduak antolaturiko ekimenak.
Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.
Errausketaren Aurkako Mugimenduaren adierazpena
Non egongo ote gara 2051. urtean? 35 urte barru… nola biziko dira gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute? Nolako zerbitzu sozialak edukiko dituzte? Zein gaixotasun sufrituko dituzte 2051. urtean? Nork eta zein dirurekin zainduko ditu gaixoak, zaharrak, umeak…?
Ezin dugu onartu erraustegi inposatu bat datozen 35 urteetarako kaltetuko dituena gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa.
Krisi ekonomiko sakonean bizi gara. Krisi ekonomikoak ekarri ditu krisi soziala, politikoa, humanitarioa. Konturatzen hasi gara Lurra planeta bakarra dela, mugatua. Ezin dugu segitu berdin, “erabili-ta-bota”, “erabili-ta-bota”…
Osasun krisi batean ere bizi gara. Gero eta minbizi gehiago, gero eta gaixotasun berezi gehiago… Nolaz baimentzen dute erraustegi berri batekin kutsatzea gure airea eta gure ondorengoek arnastuko dutena?
Krisi humanitarioa ere badaukagu. Garapen ereduak eragindako krisi sozial eta humanitarioa. Gure etxeetaraino ekarri du ezin bizia: langabezia, lanpostuen prekarietatea, etxegabetzeak, pobrezia gero eta ugariagoa…
Hori gutxi balitz administrazioek… inbertsio faraonikoetan xahutu dituzte diru publikoak… eta inbertsio sozial guztietan murrizketak egiten dituzte: murrizketak osasungintzan, murrizketak irakaskuntzan, gazteen laguntzetan, ezindu eta pobreenen laguntzetan…
Esan diezaiogun EZ! Gipuzkoarren bizitzak 35 urterako hipotekatuko dituen Erraustegiari, alferrikakoa den Erraustegiari.
Urte asko daramatzagu oihukatzen ERRAUSKETARIK EZ! Urteak daramatzate Gipuzkoan erraustegia egin nahian, zerbitzu publikoekin aberasten diren enpresa handi ustelak eta lotsa gutxiko zenbait politikari. Erraustegia oraindik eraiki gabe egotea… ez al da garaipen bat izan?
Baina GAINERA, 2009an hasita Gipuzkoan martxan dago Alternatiba…
Erraustea baino garbiagoa, osasuntsuagoa eta merkeagoa.
Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan egunero dago MARTXAN hondakinen kudeaketa Alternatiboa. Gipuzkoan demostratzen ari gara ez dugula hondakinak erre beharrik.
Orain nahitaezkoa da udalerri askok egin duten bideari beste guztiek ere jarraitzea. Gipuzkoar guztiok berdinak eskubideetan, gipuzkoar guztiok berdinak betebeharretan. Denon betekizuna da hondakinak murriztea eta sortutakoak ondo sailkatu eta tratatzea.
Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen duten alderdiei berriro ere esan nahi diegu: Gelditu ezazue proiektua!
Egin kasu herritarrok eskatzen dizuegunari!
Herritarrei dei egiten diegu: mugitu gaitezen gipuzkoarrok!
Errausketarik Ez! Ez gure izenean!